Ekonomia -
Koronabirusa
Pandemiari lotutako MEDE maileguak zehaztuko ditu Eurotaldeak ostiral honetan
Europako Batzordearen aurreikuspen ekonomikoak ere aztertuko dituzte. Horien arabera, euroguneko ekonomia % 7,7 jaitsiko da, eta Grezia, Italia eta Espainia izango dira herrialde kaltetuenak.
Agentziak | Erredakzioa
Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek bilera dute gaur erreskateetarako Europako funtsen bidez emango dituzten maileguen oinarrizko ezaugarriak zehazteko. Mailegu horiekin COVID-19aren ondorioz sortutako egoerari eta osasun sistemek eragindako gastuei aurre egin nahi diete.
Hori izango da bilerako gai nagusia. Langabeziaren aurkako Europako funtsa (SURE) eta konfinamenduaren osteko ekonomia krisiari aurre egiteko estrategien eztabaida ez dira mahai gainean egongo.
Bai hitz egingo dute Europako Batzordeak egindako aurreikuspen ekonomiko berrien inguruan. Horien arabera, euroguneko ekonomia % 7,7 jaitsiko da, eta Grezia, Italia eta Espainia izango dira ekonomia kaltetuenak.
Bileran Nadia Calviño Espainiako presidenteordea izango da eta helburu nagusia MEDEko baldintzak zehaztea da. "Gauzak ondo doaz, oraindik gai batzuk zehaztu gabe daude, baina borondate handia dago", esan du goi-funtzionario batek. Bilerari buruz, "baikorra" dela azpimarratu du.