Ekonomia -
Koronabirusa
Michelinek lau hilabeteko lan-erregulazioa ezarri nahi du Gasteizen eta Lasarten
Multinazionalak esandakoaren arabera, maiatzaren 18tik irailaren 15era bitartean egongo litzateke indarrean, lantegi guztietan ezarri nahi dute eta, beraz, 7.500 langilerengan izango luke eragina.
EITB.EUS
Michelin multinazionalak koronabirusaren pandemiaren eraginez aldi baterako lan-erregulazio plana ezarri zuen ezinbestean apirilean, eta orain beste bat aurkeztuko du izurriteak eragindako geldialdi ekonomikoaren ondorioz galerak izan dituela argudiatuta. Lau hilabetekoa izango litzateke.
Lehendabiziko aldi baterako lan-espedientea apirilaren 30ean indargabetu zen, jarduera eteteko arrazoiak desagertu zirelako eta ordurako behargin guztiak lanera itzulita zeudelako.
Enpresak atzo jakinarazi zien sindikatuei beste lan-erregulazio bat egin nahi duela eta gaur goizean lehendabiziko bilera telematikoa burutu dute plan horren baldintzak eztabaidatzen hasteko asmoz.
Ekoizpen eta antolakuntza arazoak aipatuta justifikatutako aldi baterako lan-erregulazio espedientea Michelinek Estatuan dituen lantegi guztietan ezarri nahi dute, tartean Gasteizko eta Lasarteko zentroetan.
Maiatzaren 18tik irailaren 15era bitartean egongo litzateke indarrean eta 7.500 langilerengan izango luke eragina. Gasteizeko fabrikan 3.300 behargin inguru daude; eta Lasarteko zentroan, 500 bat.
CCOO sindikatuak azaldu duenez, horrek ez du esan nahi langile horiek guztiak aldi berean eta lan-erregulazio indarrean sartzen den lehendabiziko egunetik kalean geratuko direla. Lantegiko bakoitzeko tailerrak lan-zamaren arabera ireki eta itxi egingo dituzte eta, ondorioz, langabezian egongo diren beharginen kopurua aldatuz joango da, denak lan-erregulazio txostenean izendatuta egon arren.
Ildo horretan, langile bakoitzari kontratua eteteko gehienezko denbora-tartea 70 egunekoa izatea proposatu du enpresak.
Gaur goizeko bileran, aldi baterako lan-erregulazioa ezartzeko argudioak biltzen dituen dokumentua helarazi dio zuzendaritzak alde sozialari.
CCOOk negoziatzeko borondatea erakutsi du, baina informazio gehiago behar duela ohartarazi dio enpresari: lan-zamari eta salmentei buruzko aurreikuspenak zeintzuk diren eta kanpoko enpresen eta inbertsioen egoera zein den.
Horrez gain, lan-erregulazioa indarrean dagoen bitartean lan-hitzarmenean jasotako eskubide guztiak bermatzea exijitu dute langileen ordezkariek.
Bi aldeak ostiral honetan bilduko dira berriro negoziatzen jarraitzeko.