Ekonomia -

Koronabirusa

EAEko funtzionarioak era mailakatuan itzuli dira lantokira

"Segurtasun-neurri zorrotzak" betez eta era mailakatuan itzuli dira lan presentzialera. Hala ere, bereziki sentikorrak diren pertsonak ez dira bulegora itzuliko.

Gasteizko Eusko Jaurlaritzako eraikinaren artxibo irudia.
Eusko Jaurlaritzako eraikina Gasteizen.
Administrazio publikoko langileak lan guneetara itzultzen hasi dira

1:10

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Administrazio Orokorreko eta erakunde autonomoetako 7.000 langileetatik % 60 lantokira itzuli da gaur, sindikatuen protesta artean, uste baitute ez dituztela segurtasun neurriak bermatu.

Gainerako % 40a koronabirusarekin kutsatzeko bereziki ahulak direnek, beraien esku bakarrik 14 urtetik beherako adingaberen bat edo mendekotasuna duen adinekoren bat dutenek eta telelan programan daudenek osatzen dute.

Era berean, ez dira lantokira joango segurtasun eta osasun neurriak bete ezin dituzten lanpostuetako langileak.

Jende pilaketak saihesteko eta langileen joan-etorriak murrizteko, Eusko Jaurlaritzak 7 orduko lanegunak ezarri ditu, 20 minutuko deskantsuarekin tartean.

Gainera, ordutegi malgua izango da sartzeko eta irteteko, eta langile publikoek 7:30etik 9:00etara izango dute sartzeko, eta 14:30etik 16:00etara ateratzeko.

Aurreko martxoaren 17tik gaur arte, % 20ra jaitsi da Administrazio Orokorreko lan presentziala, izan ere, oinarrizko zerbitzu publikoak aurrera eramateko behar-beharrezkoak ziren langileak soilik joan dira.

Berme guztia

Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak esan du langileen itzulera "Osasun Publikoko arduradunen aholkuak jarraituta" egingo dela "beti, segurtasun eta osasun pertsonalerako berme guztiekin lan egin ahal izateko".

Gainera, prebentzio neurri eta protokoloak etengabe berrikusten ari direla esan du, lantokiak "seguruak izan daitezen eta langile publikoen osasuna beti zaindu ahal izan dadin".

Zearretak uste du Administrazioak "lantokirako itzulera gizartea normaltasun berrira itzultzeko prozesuarekin batera" egin behar duela.

Sindikatuen protesta

Administrazio publikoko sindikatuek kritikatu egin dute lantokirako itzulera, Eusko Jaurlaritzak indarrean jarritako prebentzio neurriak segurtasuna bermatzeko ez direla nahikoa iritzi diotelako.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuko 20 bat ordezkarik elkarretaratzea egin dute eguerdian Gasteizen, Jaurlaritzaren egoitzaren parean, eta mezu hau erakusten zuten kartelak erakutsi dituzte: "Eusko Jaularitza: Hau ez da prebentzioa".

Ordenatua, mailakatua eta segurtasunarekin

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak "Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileak lan presentzialera itzultzeko planaren" zirriborroa aurkeztu zion Gobernu Kontseiluari aurreko astean. Helburua da gaur, hilaren 11n, langile publikoak Eusko Jaurlaritzako lantokietara modu ordenatuan, mailakatuan eta segurtasun-baldintza zorrotzak betez itzultzea. Horretarako, "kontingentzia plan bat" egin da, eta horrek uztartu egin ditu, batetik, zerbitzu publikoa egitea eta, bestetik, osasun-agintariek birusa hedatzea saihesteko emandako jarraibideak zorroztasunez errespetatzea.

Euskadiko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako negoziazio kolektiborako mahaiko bileran bilduta zeuden ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuei ere eman zien plan horren berri. Halaber, koordinazio-bilera egin zuen autonomia-erkidegoko sektore publiko osoak, hilaren 11tik aurrera guztiek norabide berean aurrera egiteko.

Itzulera baldintzatua

Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu-zuzendaritza bakoitzak eta erakunde autonomoetako langileak kudeatzeko organo bakoitzak lan mota bakoitzerako antolamendu-neurri propioak eta bereziak zehaztu eta jakinarazi dituzte. Lan hori errazteko, Eusko Jaurlaritzak etengabe eguneratuko diren zenbait jarraibide orokor eman ditu: sarbidea kontrolatuko da tornuetan pertsonen pilaketak saihesteko, eta maskarak eta babesteko ekipamenduak emango zaizkie nahitaezko 2 metroko tartea mantendu ezin duten langileei.

Era berean, debekatuta daude funtsezkoak ez diren lan-bilera presentzialak, igogailuan banaka igo edo jaitsi behar da, eta Jaurlaritzako lantokietako jantoki-zerbitzuak ez dira erabilgarri egongo.

Modu berean, lan-espazioen higienerako eta garbiketarako plan bereziak egin dira, eta langile guztien esku jarri dira higienerako produktuak. Uniformea eskatzen duten lanpostuetarako higiene-protokoloak prestatu dira, tenperatura handian garbitzen dituzten guneetara eramateko, eta abar.

Horrez gain, lantokitik urrun bizi diren langileei joan-etorriak ibilgailu pribatuetan egitea eta garraio publikoa ahalik eta gutxien erabiltzea gomendatu die Osasun Publikoko Zuzendaritzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Funtzionarioak Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Zer egin daiteke Euskadin? Deseskalatzea Lana etxetik berriak