Ekonomia -
Koronabirusa
Jaurlaritzak 4,9 milioi euro bideratuko ditu baliabiderik gabeko familiei laguntzeko
Beharrizan gehien duten herritarrei laguntzeko landu dituzten hainbat programa onartuko ditu Gobernuak astearte honetan.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak hamar bat programa jarriko ditu abian, koronabirusaren pandemiaren ondorioz pobrezia egoeran dauden herritarrei laguntzeko asmoz. Guztira, 10 milioi euro bideratuko ditu eta 10.000 pertsona baino gehiagori lagunduko dietela kalkulatu dute.
Jaurlaritzak astearte honetan onartuko ditu ekimen horiek, baina Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak agerraldia egin du gaur goizean, programa horietako batzuen xehetasunak azaltzeko.
Plan horiek guztiak "Inor Atzean Utzi Gabe" funtsaren baitan kokatzen direla eta COVID-19aren ondorioz premiazko beharrizanak areagotu zaizkien herritarrei laguntzeko asmoz egin direla azpimarratu du Artolazabalek.
Laguntza horiek jasoko dituzte, besteak beste, etxerik gabeko pertsonek, adinekoek, arriskuan dauden adin txikikoek, buruko gaitzak dituzten pertsonek edota adikzioak dauzkaten lagunek. Aipatu programak 50 erakunderen, 200 profesionalen eta 1.000 boluntarioren parte-hartzearekin burutu ditu Jaurlaritzak.
Nobedadeen artean, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen ez duten baliabiderik gabeko familiei zuzendutako laguntzak iragarri dituzte. "Azken Sarea Indartzen" ekimenak 4,9 milioi euroko aurrekontua izango du eta emergentzia sozialerako laguntzak osatzeko erabiliko da, familiek oinarrizko beharrizanak ase ditzaten.
Neurri horrekin, Caritas, Sidalava, Amuge eta Bizitegi bezalako erakundeek familiei eta norbanakoei laguntzak aurreratzeko moduan egongo dira.
Koronabirusak jota hil diren pertsonen senideei laguntza psikologikoa eskainiko zaie eta "Agintzari" eta "3+D" bezalako erakundeen bidez eta horretarako 303.000 euro bideratuko ditu Jaurlaritzak.
"Aterpeak" programak etxerik ez duten pertsonei laguntzea du helburu. Jaurlaritzak 390.000 euroko aurrekontua onartuko du Caritasek edo Gurutze Gorriak egin asmo horretan egiten duten lana finantzatzeko.
Adin txikikoei arreta berezia eskaintzen zaie plan guztian eta orain 375.000 euroko beste programa bat onartuko dute bazterketa arriskuan dauden umeei errefortzu eskolak Internet bidez emateko.
"Erdu" programaren bidez, drogamenpekotasuna edo buruko azaroak dituzten pertsonei zuzendutako laguntza eskainiko dute, besteak beste, konfinamendu garaian gatazkak ekiditeko edo sendagaiak etxera bildatzeko. Aurrekontua 375.000 eurokoa izango da.
Artolazabalek zehaztu du programa guztiek atzeraeraginezko izaera izango dutela eta, beraz, pandemiaren hasieratik abendura bitarteko epea hartzen duela. Halaber, 10 milioiko aurrekontu hori aurrerantzean sor daitezkeen beharrizan berriei aurre egiteko erabiltzeko aukera irekita dagoela erantsi du.