Ekonomia -

MAIATZAREN LEHENA

Zerbitzu publikoen eta langileen balioa nabarmendu dute sindikatuek

Koronabirusa dela eta, kaleetatik etxeko balkoietara eta leihoetara eraman dituzte protestak sindikatuek. Sare-sozialen bidez zabaldutako mezuetan, egungo sistema kapitalista salatu dute.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindicatuek irudia bera partekatu dute gaur.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindicatuek irudia bera partekatu dute gaur.
Etxeko balkoietara eta leihoetara eraman dituzte protestak euskal sindikatuek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren krisiaren erdian heldu da aurten Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna, eta "pandemiak agerian utzi dituen hutsuneak" lau haizetara zabaltzeko aprobetxatu dute sindikatuek. Ekitaldi bakan batzuk kalean egin badituzte ere, sare-sozialen bidez zabaldu dituzte mezuak zentral guztiek, eta balkoietara eraman dituzte protestak.

Milaka Aldi Baterako Lan Erregulazio Txosten indarrean direla ospatu da aurten maiatzaren 1a, eta, hain zuzen, txosten horiek langileen bizi baldintzetan ahalik eta eragin txikiena izatea eskatu dute sindikatuek.

Bakoitzak bere erara antolatu badu ere eguna, Euskal Herriko sindikatu abertzaleek (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde) irudi bera partekatuko dute gaur, eta irudi hori balkoietan eta leihoetan erakusteko deia egin diete euskal herritarrei.

ELA

Telematikoki egin duen agerraldi batean, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak "austeritate politikarekin" amaitzea eskatu du. Kritika zorrotza egin die Eusko Jaularitzari eta Nafarroako Gobernuari, osasun krisi baten erdian patronalaren interesak lehenetsi dituztelako. Halaber, deseskalatze fasea sindikatuen iritzia aintzat hartu gabe antolatzea leporatu dio Lakuntzak Iñigo Urkullu lehendakariari: " baina soilik patronalari begira egoteaz gainera, alde bakarreko kudeaketa izan da bere bidea. Kargu hartzen dio Madrili aginte bakarra ezarri duelako, baina lehendakariak lanera itzultzeko erabakiak hartzerakoan modu berean jokatu du, sindikatuekin ezer adostu gabe".

ELA sindikatuaren arabera, koronabirusaren pandemiak inoiz baino ageriago utzi ditu "sistema kapitalista honen hutsuneak". "Argiago ikusi dugu zebitzu publikoek duten garrantzia", esan du.

Beste eredu sozio-ekonomiko bat eraikitzeko premia nabarmendu du ELAko idazkari nagusiak, eta horretarako ezinbestekotzat jo du "babes sozialerako politiketan" eta "trantsizio sozial eta feministan" sakontzea. Izan ere, horren iritzian, pandemiek ez dituzte herritar guztiak berdin zigortzen, eta oraingo honetan ere "argi geratu da klase irakurketa dagoela". "Gizarteak bizirauteko behar dituen sektoreak feminizatuta eta prekarizatuta daude, eta hori erabaki politiko bat da", salatu du.

'Bizitza gara' leloa aukeratu du ELAk aurtengorako, eta Lakuntzak zergatia azaldu du: "oso agerikoa da zerk eta nortzuk sostengatzen duten bizia. Gaur are argiago ikusi dugu zein arlo den ezinbestekoa gure bizimodurako: zaintza, osasuna, garbitasuna, elikadura ... Langile hauen beharra aitortzea ezin da txaloak isiltzearekin batera amaitu: asko zor diegu. Horregatik gure gobernuek hitz eman behar dute aitortza sozial orokor hori lan baldintzetan ere islatuko dutela".

Ekonomian eta gizarte-politiketan lidergo publikoaren garaia iritsi dela esan du ELAk. "Hori da bide bakarra zerbitzu publikoak sendotzeko, oinarrizko sektoreetako lan baldintzak hobetzeko edota enplegua sustatzeko", zehaztu du.  

LAB

LABek ere sare-sozialen bidez zabaldu du bere mezua, eta ildo beretik mintzatu da. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, bizitzen ari garena osasun krisi bat baino askoz gehiago da, "sistema bera delako krisian dagoena, sistema delako gaixo dagoena". Zaintza krisia, krisi ekologikoa, krisi soziala eta krisi ekonomikoa,  horiek guztiak utzi ditu agerian COVID-19aren krisiak, LABen ustez.

"Konfinamendu eredu hau kapitalaren, enpresa handien interesen arabera diseinatua izan da, hartzen ari diren erabakietan pertsona eta osasuna ez daude erdigunean. Eta horrek, gu guztiok, herritarrok, konfinamendu gogor bat pairatzera eraman gaitu. Era berean ere, egoera hau baliatzen ari da Estatuen aldetik zentralizazioaren aldeko apustua egiteko, militarizazioan sakontzeko, kontrol soziala areagotzeko. Gure askatasun indibidualak urratuak izan dira, baita eskubide zibil, sozial eta politikoak ere", esan du Aranburuk.

Eredu berri baterako bideari ekiteko prest agertu da LAB. "Orain da momentua bide horri ekiteko. Orain da momentua, geroz eta jende gehiagok ikusten duelako, gehiengo zabal batek ikusten duelako, lan eta bizi duina bermatu behar zaiela herritar orori. Gehiengo zabal batek ikusten du sektore publiko indartsu bat behar dugula, osasun sistema publiko indartsua izango duena. Orain da momentua, gehiengo zabal batek argi duelako zaintza eredu hau aldatu behar dela, zaintza lanak aitortu eta berrantolatu behar direla", gaineratu du 

LABek deituta, auto-karabanak egin dituzte Euskal Herriko hainbat herritan, eta lantokien atarietatik igaro dira:

28 auto-karabana antolatu ditu LABek osasun arloko langileei elkartasuna adierazteko
28 auto-karabana antolatu ditu LABek osasun arloko langileei elkartasuna adierazteko
28 auto-karabana antolatu ditu LABek osasun arloko langileei elkartasuna adierazteko

1:34

Nafarroan ez dute auto-karabanarik egiterik izan, asteon, Espainiako Gobernuak Foru Erkidegoan duen ordezkaritzak aurrena, eta Nafarroako Justizia Auzitegi ondoren, ekimen hori debekatu dutelako. LABen iritzian, eskubide politikoen eta zibilen kontrako urraketa larria izan da debekua. "Beste behin, Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Justizia Auzitegiak mobilizaziorako eskubidea urratu dute, osasun berme guztiak bete arren", esan du Imanol Karrera LABek Nafarroan duen eledunak.

CCOO

Zerbitzu publikoak jarri ditu erdigunean Loli Garcia Eukadiko CCOOko idazkari nagusiak ere, eta langile guztiei omenaldia egiteko aprobetxatu du Maiatzaren Leheneko mezua. Horren hitzetan, langileak izan dira osasun-krisi honetan herriari eutsi diotenak.

Osasunerako eskubidean eta osasun langileen funtsezko lanean jarri du azpimarra Garciak, eta bereziki zaintza lanetan ari direnak izan ditu gogoan. Langile horiei merezi duten aitortza eta balioa emateko eskatu dio gizarte osoari CCOOko kideak.

Zerbitzu publikoen garrantzia inoiz baino ageriago geratu dela ere esan du Garciak, eta austeritate politikak behin betiko atzean uztea eskatu die agintariei.

UGT

UGT Euskadiko Raul Arzak, bere aldetik, langileen osasuna eta segurtasuna aldarrikatu ditu Langileen Nazioarteko Egunean. Osasun langile guztientzako babes neurriak zorrotz bete daitezela exijitu du.

Babes sozialerako bide-orria aldarrikatzearekin batera, langileen segurtasuna bermatuko duten neurriak berehala martxan jarri behar direla nabarmendu du. Halaber, indarrean diren Aldi Baterako Lan Erregulazio Txostenen bidez, ahalik eta lanpostu gehienei eustea eskatu du.

CCOOk eta UGTk batera ospatu dute langileen aldarrikapen eguna
CCOOk eta UGTk batera ospatu dute langileen aldarrikapen eguna
CCOOk eta UGTk batera ospatu dute langileen aldarrikapen eguna

1:24

ESK eta Steilas

Elkarrekin ospatu dute Maiatzaren Lehena ESK eta Steilas sindikatuek; 'Kapitala VS Bizitza' lelopean, bizitza erdingunean jartzea eskatu dute.

Mobilizazioak, Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herrian ere, zenbait herritarrek aldarrikapena kalera eraman dute. Irteteko duten ordubeteko baimena baliatuta, Bionako Udaletxe parean elkartu dira. Poliziak agiriak eskatu badizkie ere, ez die isunik jarri.

CGT eta LAB sindikatuek eta Bizi, Aintzina eta EBA elkarteek dei bateratua egin dute aurten, leihoak eta balkoiak aldarrikapenez jantziz.

Elkarretaratzea Baionako Udaletxearen aurrean, Maiatzaren Lehenean
Elkarretaratzea Baionako Udaletxearen aurrean, Maiatzaren Lehenean
Elkarretaratzea Baionako Udaletxearen aurrean, Maiatzaren Lehenean

0:37

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Langileen nazioarteko eguna Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak CCOO UGT Steilas ESK sindikatuaren azken ordukoa