Ekonomia -
Koronabirusa
Etxebizitza libreko maizterrek 1.500 eurora arteko laguntza jaso ahalko dute
Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak aurreikusi du 10.000 familia inguruk jasoko dutela Jaurlaritzaren diru-laguntza.
agentziak | erredakzioa
Koronabirusaren krisiaren ondorioz ahultasun ekonomikoan dauden etxebizitza libreetako maizterrek Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso ahal izango dute alokairua ordaintzeko, gehienez 1.500 euro sei hilabeteko epean.
Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du laguntza zuzen horiek arautzen dituen neurria, eta Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean eskatu ahal izango dira, ziurrenik datorren astean.
Iñaki Arriola Ingurugiro, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailburuak prentsaurrekoan azaldu duenez, 15,5 milioi euroko aurrekontua du laguntzak, eta ez dira izango bateragarriak helburu bera duten gainerako laguntzekin.
Sailburuak aurreikusi du 10.000 familia ingurura iritsiko dela laguntza.
Diru-laguntza 250 eurokoa izango da hilean, eta gehienez sei hilabetez iraungo du, apiriletik irailera, baina urtebetera luzatzeko aukera dago okerren dauden kasuetarako.
Hori horrela, pandemiak eragindako krisiaren ondorioz langabezian edo Aldi Baterako Erregulazio Txostenen eraginpean daudenek, eta diru-sarrerak % 40 murriztu dituzten enpresari edo autonomoek jaso ahal izango dute laguntza.
Arriolaren esanetan, laguntzara jotzeko baldintza nagusiak alokairuaren kontratua alarma egoera ezarri aurretik sinatzea eta beste etxebizitzarik ez edukitzea izango dira.
Horiez gain, azken urte fiskalean familiaren diru-sarrerak ezingo dira 39.000 eurotik gorakoak izan, hori baita Babes Ofizialeko Etxebizitza lortzeko muga, eta ezingo da 50.000 eurotik gorako ondarerik izan.
Indarkeria matxistaren eta etxegabetzeen biktimek ere jo ahal izango dute laguntza honetara, eta baita etxerik ez dutenek eta udaletako gizarte zerbitzuek ahulenen artean sartzen dituztenek ere.
Azken kasu horietan laguntza 3.000 eurora artekoa izango da, 12 hilabetetan banatuta.
Arriolak argitu du laguntzak izapidetzeko www.euskadi.eus–en edo Alokabideren webgunearen bitartez egin daitekeela.