Ekonomia -
Emaitzak
Iberdrolak % 30 gehiago irabazi du lehen hiruhilekoan Siemens Gamesaren salmentagatik
Salmenta horri esker, 1.000 milioi euro baino gehiago lortu ditu, eta horrek urtean zehar koronabirusaren krisiak eragin ditzakeen inpaktu negatiboak arintzen lagunduko dio.
Agentziak | Erredakzioa
Iberdrolak 1.257 milioi euroko mozkin garbia lortu du urteko lehen hiruhilekoan Siemens Gamesan zuen partaidetza (% 8) saltzeagatik, 2019ko epe berean baino % 30,4 gehiago, alegia.
Salmenta hori gabe, mozkin garbia % 5,3 handituko litzateke, 968 milioi euroraino, Iberdrolak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) asteazken honetan eman dizkion emaitzen arabera; izan ere, irabazi gordina (EBITDA) % 5,8 igo da, 2.751 milioi euroraino.
Iberdrolak 2019ko hasieratik egin dituen 10.000 milioiko inbertsioei egotzi die ohiko emaitza garbiaren % 5,3ko hobekuntza. Horrela, Siemens Gamesaren % 8ko salmentak (1.099,5 milioi euro) 484 milioi euroko gainbalioa lortzea ahalbidetu dio, eta horrek urtean zehar koronabirusaren krisiak eragin ditzakeen inpaktu negatiboak arintzen lagunduko dio.
Volkswagenen mozkinek behera egin dute lehen hiruhilekoan
Volkswagen taldeak 405 milioi euroko mozkin garbia izan du urteko lehen hiru hilabeteetan, hau da, % 86ko jaitsiera izan du aurreko urteko 2.912 milioi euroko irabaziekin alderatuta, enpresak argitaratutako datuen arabera.
Korporazioak aitortu duenez, koronabirusaren pandemiak "eragin nabarmena" izan du aurten bere negozioan, matrikulazioek, diru-sarrerek eta mozkinek behera egin baitute. Eskaria txikitzeaz gain, Volkswagenek kapital-merkatuetako "turbulentzien" eta dibisen truke-tasaren eragin negatiboaren eragina jasan du.
Frank Witter konpainiako Finantza zuzendari eta Informazio Teknologien arduradunak azpimarratu duenez, konpainiak "neurriak" hartu ditu COVID-19aren krisiari aurre egiteko, kostuak murrizteko eta likidezia maila ziurtatzeko.