Ekonomia -
Maiatzaren 1a
Krisiari erantzun kolektiboa ematea eta zerbitzu publikoak indartzea eskatu du ELAk
Sindikatuak maiatzaren 1ari begira egindako bi aldarrikapen nagusiak dira. Egun horretan, Mikel Lakuntza idazkari nagusiak bideo baten bidez egingo du bere adierazpena, Interneten.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusaren pandemiak eragindako krisiak "kapitalismoaren porrota eta erantzun kolektiboen beharra" agerian utzi duela salatuko du ELA sindikatuak maiatzaren 1ean. Halaber, zerbitzu publikoak eta "oinarrizko lanen balioa" indartzeko, eta "gure ekonomia lurraldean sustraitzeko", "austeritate politika alde batera uztea" eta "aldaketa handiak" egitea eskatu du.
Aurtengo Maiatzaren Lehena "konfinamenduan sartuta eta kalera atera barik" ospatuko den arren, ELAk "langileria antolatzeko determinazioa eta konpromisoa" handiagoa duela adierazi du "datozen mehatxuei eta erasoei aurre egiteko". Baina "aldaketarako aukerak" ere sortu nahi dutela gaineratu dute.
Gogora ekarri dutenez, maiatzaren 1ean ELAk bere konpromisoa agertuko du "balkoietan eta leihoetan" eta irudi komuna partekatuko du LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuekin. Irudi hori balkoietan eta leihoetan erakusteko deia egin die euskal herritarrei.
Maiatzaren 1a "koloreduna"
"Maiatzaren 1a koloretsua irudikatuko dugu, baina, aldi berean, salatzeko eta aldarrikatzeko momentua da. Beti bezala", azaldu dute sindikatuko arduradunek. Aurten, ELAko idazkari nagusiak, Mitxel Lakuntzak, internet bidez zabalduko du bere mezua, bideo batean, eguerdiko 12etan.
Aurreratu dutenez, sindikatuak Euskadin, Nafarroan "eta mundu osoan" koronabirusaren ondorioz hildako guztiak gogoratuko ditu.