Ekonomia -

KORONABIRUSA

Europako aurrekontuari lotutako berreskuratze funts bat sortzea adostu du EBk

Funts horrek nahikoa magnitude izango du, eta gehien kaltetutako sektore eta eremu geografikoetara zuzenduko da.

Europar Batasuneko bandera. Artxiboko irudia.
Europar Batasuneko bandera
Europar Batasuneko bandera. Artxiboko irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko (EB) buruzagiek proposamen bat aurkezteko eskatu diote Europako Batzordeari etorkizuneko aurrekontu komunitarioari lotutako suspertze-funts baterako, koronabirusaren pandemiaren ostean ekonomia berrabiarazteko, baina ez dute horren inguruko xehetasunik adostu.

"Beharrezkoa eta premiazkoa den berreskuratze funts bat ezartzea adostu dugu. Funts horrek nahikoa magnitude izango du, eta gehien kaltetutako sektore eta eremu geografikoetara zuzenduko da, eta aurrekaririk gabeko krisi honi eskainia egongo da", esan du Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak, goi bilera telematiko baten ostean emandako prentsaurrekoan.

Azaldu duenez, Batzordeari eskatu zaio susperraldia finantzatzeko "behar zehatzak aztertzeko" eta EBk aurre egin beharreko "erronkarekiko proposamen proportzionala presaz aurkezteko", eta susperraldirako funts berriaren eta 2021-2027rako EBren urteko aurrekontuaren arteko lotura zein izango den argitzeko.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak bere asmoa erkidegoko aurrekontuaren potentzia handitzea dela adierazi du, merkatuan finantzaketa lortzeko, eta gero kide diren estatuei helaraztea.

Hain zuzen ere, gastu errealaren eta aurrekontu komunitarioaren baliabide propioen sabaiaren artean dagoen marjina handitzea aurreikusten du Europako Exekutiboak, orain errenta nazional gordinaren (ENG) % 1,2an dagoelarik, "bi edo hiru urtez ENGren % 2 ingururaino", zorpetzeko gaitasuna handituko lukeena.

Batzordeko presidenteak ez du zehaztu sistema horrekin zer zenbateko mobilizatu litekeen, baina "bilioi" euroz hitz egiten ariko litzatekeela adierazi du. Liderrek bilioi eta erdi euro inguruko zifrak aztertu dituzte.

Dirua mailegu edo diru-laguntza moduan ordainduko litzatekeen galdetuta (Espainiak babestutako aukera), bien arteko "oreka" egongo dela erantzun du Von der Leyenek.

Adierazi duenez, Europako Batzordeak "ahalik eta azkarren lan egingo du", funtsaren eta MFPren proposamena "maiatzeko bigarren edo hirugarren astean" prest egon dadin. Horren ostean, liderren beste goi-bilera bat beharko da horiek ebaluatzeko.

Gainera, estatuburuek eta gobernuburuek argi berdea eman diote duela bi aste Eurotaldeak hitzartu zuen enpresa, langile eta estatuei laguntzeko premiazko neurrietan 540.000 milioi euroko paketeari, eta ekainaren 1ean martxan egotea adostu dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Nazioartea Europar Batasuna Europa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa