Ekonomia -

Elkartasuna

Ken Loachek Gipuzkoako egoitzetako langileak babestu ditu berriz

Britainiar zinemagileak “babesa, elkartasuna eta txera” helarazi dizkie langileei, joan den urteko Zinemaldian beraien borrokaren berri jaso eta gero.

Ken Loach, erresidentzietako langileekin 2019ko Zinemaldian. Argazkia, ETBren bideo atetik hartua.
Ken Loach, erresidentzietako langileekin
Ken Loach, erresidentzietako langileekin 2019ko Zinemaldian. Argazkia, ETBren bideo atetik hartua.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ken Loach britainiar zinemagileak “babesa, elkartasuna eta txera” helarazi dizkie berriz Gipuzkoako egoitzetako langileei, eskutitz batean, iaz Donostiako Zinemaldian, Gipuzkoako hiriburuan zela, beraien borrokaren berri bertatik bertara izan eta gero.

ELA sindikatuak azaldu duenez, Ken Loachen gutuna langile taldeak oraintsu bidalitako idatzi bati emandako erantzuna da, horiek eskerrak emateko idatzi baitzioten zuzendariari, El País egunkarian egindako elkarrizketa batean beraientzat izan zituen hitzengatik, eta azaltzeko “covid-19aren aurkako babes neurrien faltagatik gure lana zelako baldintzetan egiten ari garen”.

Erantzunean, Loachek azaldu du Erresuma Batuan antzeko zerbait gertatzen ari dela, erizainak, medikuak eta zaindariak hiltzen ari direla, “Gobernuak ez zielako babes ekipamendurik eman”, eta krisia lehertu zenean Gipuzkoako erresidentzietako langileek greba bertan behera uztea erabaki izana goraipatu du.

“Argi erakusten du zer kezkatuta zaudeten zaintzen dituzuen pertsonekin. Hemen ere eskuzabaltasun berbera ikusten dugu. Zenbat heroi ezezagun!”, dio Loachen gutunak.

Azkenik, britainiar zuzendariak dei egin die “benetako aldaketak eskatzeko borrokan segitzera, gertatutako guztia enplegu finko, soldata duin eta lan baldintza egoki bihur dadin”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Zinema Eguneko albisteak Kultura Albisteak