Ekonomia -
Koronabirusa
ELAk Michelin gelditzea eskatu du, azpikontrata batean positibo bat antzeman ostean
Ferrovial Servicios azpikontratako 13 langile berrogeialdian jarri dituzte. Lanera "hain goiz" itzultzea "erabaki okerra" izan dela adierazi du enpresa batzordeak.
Agentziak | Erredakzioa
ELA sindikatuak Gasteizko Michelin enpresaren jarduera eteteko eskatu du lantegia desinfektatu ahal izateko, Ferrovial azpikontratako langile batek koronabirusagatik positibo eman ostean.
ELAk enpresako zuzendaritzari, Ferroviali, Arabako Lan ordezkaritzari, Osalani eta Lan Ikuskaritzari zuzendu die jarduera eteteko eskaera.
Sindikatuaren arabera, Jaurlaritzak horrelako kasuetarako ezarritako protokoloak oso argi esaten du derrigorrezkoa dela "lantokia hustea eta desinfektatzea berriro lanera itzuli aurretik".
Halaber, ELAk positibo eman duen langilearekin kontaktua izan zuten guztien zerrenda eskatu dio Ferroviali pertsona horiek berrogeialdian jartzeko. "Ferrovialek 13 pertsonako zerrenda bat egin du baina jakin badakigu gehiago izan zirela kutsatuarekin kontaktuan egon zirenak". Horrekin batera,"“kutsatutako langileak erabilitako norberaren babeserako ekipamendua erretiratzea" eskatu dute, eta ekipamendu hori erabili zuten guztiak berrogeialdian jartzea.
13 langile berrogeialdian
Ferrovialek egindako zerrendan dauden 13 langileak berrogeialdian daude jada.
Bestetik, Ferrovial Servicios enpresako Zainketa Zerbitzuak erabakitzen dutenaren zain daude, langile gehiago berrogeialdian jarri behar dituzten ala ez jakiteko.
Juan Ramon Vidal Ferrovialeko enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez, "jendea beldur da eta presio handipean lanean ari da". Bere iritziz, "okerreko erabakia" izan da lanera "hain goiz" hastea Gasteizen koronabirus kasu ugari daudenean.
Era berean, ostegunean langile batek sukarra eduki zuela esan du, eta ostiralean talde guztia normaltasunez lanean aritu zela"inor etxera bidali gabe".
"Ezinezkoa da distantzia gordetzea"
"Lantegi oso zaharra da, 50 urtetik gora ditu, eta ezinezkoa da bi metroko distantzia mantentzea, tunel ugari daude eta oinezkoentzako pasabideak estuak dira", esan du Vidalek. Egoerak okerrera egin dezakeela ere esan du, astelehenean "langile guztiak" lanean hasiko direlako.