Ekonomia -

Koronabirusa

Euskal industria % 25ean bueltatu da, osasun-neurri zorrotzekin

Lanera itzuli den lantegirik handiena Gasteizko Michelin izan da; 3.300 langile ditu, eta 800 joan dira, hiru txandatan sartuta.

Bridgestonen, tenperatura hartu diete langileei. Argazkia: EFE.
Bridgestonen, tenperatura hartu diete langileei
Bridgestonen, tenperatura hartu diete langileei. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal industriaren eta herri-lanen gehiengoak jarduera berreskuratu du gaur goizean, osasun-neurri zorrotzekin. Adibidez, tenperatura hartu diete hainbat langileri lanera sartu aurretik eta beharginen arteko segurtasun-tartea ere oso kontuan izan dute. Hala, lantegi batzuetan, langileak txandatan sartu dira, denak ordu berean batera sar ez zitezen.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen sailburuaren arabera, goizeko lehen orduan ez da aparteko gorabeherarik izan; gutxi gorabehera, industriaren % 25 bueltatu da jarduerara.

Euskadiko lantegirik handienak geldirik izan dira azken hilabetean. Astearte honetan berriz lanean hasi den fabrikarik handiena Gasteizko Michelin da. Langile gehien dituen enpresa, aldiz, Mercedes da, eta hilaren 27an itzuliko da jarduerara.

Michelin, nolabait, egoera orokorraren laburpena da, izan ere, langileen % 25 bueltatu da lanera; hau da, orotara dituen 3.300 langileetatik 800 bat itzuli dira. Beharginak hiru txandatan sartu dira, ordu erdiko tartearekin. Lehenik eta behin, ekoizpen-linea batzuk zabaldu ditu; gerora, hilaren 20tik aurrera, pixkanaka-pixkanaka langile guztiak hasiko dira lanera itzultzen.

Egoera hori (osasun-neurriak eta ekoizpen motela) beste enpresa batzuetan ere errepikatu da. Irizar (autobusak egiten dituen enpresa) ekoizpen-linea bakarrarekin ireki dute, eta hilaren 20an hasiko da berriro ehuneko ehunean.

Basauriko Sidenorren (automobilgintzarako altzairu bereziak egiten ditu), langileei tenperatura hartu diete, eta, oraingoz, bidalketen linea ireki dute soilik, eginda dagoen materiala bezeroei emateaz arduratzen dena.

Basaurin eta Usansolon fabrikak dituen Bridgestonek (pneumatikoak egiten ditu) eta Berantevillan lantegia duen Aernnovak (egitura eolikoak sortzen ditu) ere ekin diote berriro lanari.

Lan-egoeran, baina, zalantza handiak daude; izan ere, eskaera gutxi daude, eta hainbat enpresa aldi baterako lan-erregulazioak eskatzea aztertzen ari dira. Besteak beste, Arcelor, zeinak Sestaoko ACB itxita duen, Laudioko eta Amurrioko Tubacex eta Aiaraldeko Guardian enpresa indartsua.

Amurrioko eta Trapagarango lantegietan, Tubos Reunidosek "ezinbesteko jarduera minimoa" mantendu du eta langile guztientzako aldi baterako lan-erregulazioak ezartzen ari da, enpresako iturriek Europa Pressi zehaztu diotenez.

Ezinbesteko kasua izateagatik eskatu zituen Tubos Reunidosek aldi baterako lan-erregulazioak Amurrioko eta Trapagarango fabriketarako. Amurriokoa ez zioten onartu hasiera batean, baina, azkenik, antolakuntza- eta ekoizpen-arrazoiengatik aurkeztu eta onartu egin zioten. Hala, apirilaren 10etik espediente hori ezarri dute. Trapagaranen, aldiz, ezinbesteko kasua izateagatik eskatutako lan-erregulazioa onartu egin zioten, eta martxoaren 17tik dago indarrean.

Mondragon Korporazioa ere, % 20-25ean

Testuinguru horretan, Mondragon Korporazioko kooperatibetan ere % 20-25ean bueltatu dira lanera; hori bai, aurreikuspena datorren astean gora egitea da.

Talde kooperatiboko iturriek EFEri esan diotenez, oro har, "sektore bakoitzaren espezifikotasunak alde batera utzita", jarduera txikia da lantegi gehienetan. Hain zuzen ere, "Mondragongo industria-negozioaren zati handi bat automobilgintzari dago zuzenduta, eta hori, oraindik, motel dabil herrialde askotan, bereziki Europan, fabrika asko itxita baitaude", azaldu dute.

Iturri horrek berak gogora ekarri duenez, taldeak Txinan dituen lantegiek "normaltasuna berreskuratu dute".

Eraikuntza ere bueltatu da, herri-lanetan

Eraikuntza ere hasi da lanean, herri-lanetan hain zuzen ere; hala nola, Abiadura Handiko Trenean, Supersur errepidean, etorkizuneko Ezkerraldeko Parke Teknologikorako sarbidean, Ondarroako Pasagunean edo Artxandako tunelen hobekuntzan.

Guztietan, alabaina, pixkanaka ari dira jarduera berreskuratzen. Hilaren 20an, hurrengo astelehenarekin, Kukularrako loturaren berrantolaketaren bigarren faseko lanei ekingo diete berriro, baita Lemoaren eta Zeanuriren arteko N-240 errepidearen hobekuntza-lanei eta Artatzako biribilguneko sarbideetan egiten ari diren berrantolaketari ere.

Etxebizitzetan egitekoak diren birgaitze-lanak (fatxadak, bainugelak…), berriz, ia geldirik daude, herritarren arteko balizko kontaktua saihesteko.

Astearte honetan 42.000 bidaiari izatea aurreikusi du Bilboko metroak

Bilboko metroak 17.560 bidaiari izan ditu eguerdira arte, eta egun osoan 42.000 bidaiari izatera heltzea aurreikusi du. Alarma-dekretuaren osteko lehen astelehenean, antzeko kopurua izan zuen; hau da, metroak Espainiako Gobernuak funtsezkoa ez den jarduera gelditzea dekretatu aurretik izandako mugimendua berreskuratuko luke.

Bilboko metroaren esanetan, "nahiko logikoa" da datua, kontuan izanik "ikasleak eta dendetako eta bulego nagusietako langileak oraindik lanean ez daudela. Erretiratuek eta adinekoek ere ez dute jarduera berreskuratu".

"Normaltasuna nagusi", Osalanen esanetan

Horrekin guztiarekin lotuta, Jon Azkue Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko presidenteak nabarmendu du "normaltasuna" izan dela nagusi, lanerako bueltan, funtsezkoak ez diren sektoreetako enpresetan. Osalanek, arratsaldean, ezohiko kontseilu nagusia egin du; topaketa horretan, COVID-19 gaitzari aurre egiteko bere gomendioen berri eman du.

"Laneko eta gizarte-segurantzako Ikuskatzailetza eta Osalanek ez dute gorabeherarik atzeman jarduerarako bueltan. Osalanen Kontseiluaren bileran ere hori esan digute; topaketan, Confebask, kooperatibak eta sindikatuak ere bazeuden", adierazi du Azkuek, Europa Pressi egindako adierazpenetan.

Topaketa amaituta, Azkuek esker ona agertu die gizarte-eragileei eta enpresei, segurtasun- eta prebentziozko neurriak ezartzeko "errespetua eta lankidetza" agertu direlako, eta Osalanek egindako gidan parte hartu dutelako. Gida horretan (bileran hizpide izan dute), hainbat gomendio daude, eta Osalanen eragile guztien ekarpenak eskertu ditu.

Azkuek, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuorde ere bera, zehaztu du gida horrek (lan-jarduera baldintza ziurretan abiatzeko gida da) ez duela adierazten "noiz ireki behar den enpresa bat"; izan ere, jarduera berriro noiz hasi behar den "hartutako erabaki politikoa da, eta bide hori Espainiako Gobernuak ondo baino hobeto du antolatuta, bai eta Eusko Jaurlaritzak ere, dagokion arloan. Horrek ematen du irizpidea, jakiteko enpresak noiz ireki ahal diren".

Hortaz, gidaren helburua da "aztertzea nola bermatu ahal dugun langileen prebentzioa, lanera bueltatzean"; hala azaldu du Azkuek, gizarte-erakunde batzuen apelazioak saihestuta.

"Ez gara eztabaidatzen ari lanpostuak ireki behar diren ala ez. Guztioi dagokiguna da, elkarlanean, jarduera berreskuratzen duten lan-zentro guztietan segurtasun maximoa egotea, lan egitea segurua izan dadin", esan du.

Berretsi duenez, "eragile guztien arteko elkarlana da. Prebentzio-ordezkariak, sindikatuak, patronalak, Laneko eta gizarte-segurantzako Ikuskatzailetza, Lan Agintaritza eta Eusko Jaurlaritza, denok gaude elkarlanean, lanpostuetarako itzulera, arauak beteta, itzulera normala izan dadin. Inork ez du nahi hori egitea langileen osasunaren kalterako", azpimarratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba EAE albisteak Mondragon korporazioa Gaixotasunak albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak COVID kasuak Industria albisteak