Ekonomia -
KORONABIRUSA
Euskal industriaren gehiengoak gaur berrekingo dio jarduerari
Espainiako Gobernuak gogoratu du ahal duten guztiek telelana egin behar dutela eta sintomadunek, gaixoekin kontaktua izan dutenek eta arrisku taldeetakoek baja eskatu eta ez dutela itzuli behar.
E. JAUREGI | EITB.EUS
Euskal industriaren gehiengoak gaur, asteartea, berrekingo dio jarduerari, nahiz eta modu mailakatuan izan, segurtasun neurriak zainduz eta ohiko lan-kargarik gabe, kasu askotan, nazioarteko eskaerak baxuak direlako.
Martxoaren 14an ezarri zen alarma egoera orokorra; ondoren, martxoaren 30etik apirilaren 9ra funtsezkoak ez ziren jarduerak eten ziren, eta Aste Santua tarteko, ia hilabete egon dira geldirik enpresa batzuk.
Osasun krisialdi honen erdian, etenaldia luzeagoa izango da hainbat enpresatan. Gasteizko Mercedes-Benz lantegian, adibidez, ez dira lanera itzuliko apirilaren 26ra arte. 5.000 langile aritzen dira bertan, eta egun duten gairik konplexuena lana nola antolatu da, lanera itzultzean behargin guztien osasuna eta segurtasuna bermatze aldera. Gogoan izan behar da martxoaren 16an langileek eurek behartu zutela enpresa ateak ixtera, koronabirusaz ez kutsatzeko behar bezalako segurtasun neurririk ez zegoelako. Geroago, apirilaren 1ean jakin zen gutxienez 47 langilek positibo eman zutela, eta ELAk salatu zuen enpresa itxi izan ez balitz kopuru hori askoz ere handiago izango zela. Gaur egun, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente baten pean (ABEEE) dira langileak.
Langile gehien dituen bigarren enpresa Michelin da, bai Gasteizen eta bai Lasarten dituen bi fabrikak batuta. Gaur berrekingo diote jarduerari, baina % 25ean, 3.300 langileetako 800 hasiko baitira. Horiek produkzio linea batzuk irekiko dituzte, eta apirilaren 20tik aurrera, pixkanaka-pixkanaka lantalde osoa itzultzea da asmoa.
Gauza bera egingo du Irizar enpresak ere. Astearte honetan, produkzio linea batekin hasiko dira, eta hilaren 20tik aurrera berrekin nahi diote jarduera osoari.
Basaurin automozioaren sektorean aritzen den Sidenor enpresan ere, gaur bertan berrekingo diote lanari. Martxoaren 17an, produkzioa eten zuten langileek, baina bi egun geroago, berriro ekiteko agindua jaso zuten, Lan Ikuskaritzak segurtasunez lan egin zitekeela ebatzi eta gero. Martxoaren 30ean, baina, berriro eten zuten lana.
Bridgestone etxeak ere asteartean berrekingo dio lanari Basauriko eta Usansoloko plantetan, eta egun berean ekingo dio Aernnova enpresak Berantevillan.
ITP Aeron, berriz, langile batzuk ostiralean hasi ziren lanean Derioko parke teknologikoan, eta gainerakoak asteartean hasiko dira.
Espainiako Gobernuaren dekretuari Eusko Jaurlaritzak irekitako "zirrikitua" dela eta, beste batzuk hasita zeuden lehenagotik. Apirilaren 1ean berrekin zioten, adibidez, Tubacexeko langileek lanari, Laudioko eta Amurrioko plantetan, eta egun berean hasi ziren Tubos Reunidosekoak Amurrion eta Trapagaranen, zerbitzu minimoetan egin arren. Asteartetik aurrera, "indartsuago" hasi nahi dute, baina merkatuak ere zeresana izango du, petrolioa ateratzeko hodiak egiten baitituzte eta arlo hori ere ezegonkor baitago.
Hori ikusita, Tubos Reunidosek Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea (ABEEE) adostu du langileen ordezkariekin, eta Tubacexek eta Aiaraldeko Guardian Llodiok ere egin behar dute.
CAF enpresak ere itxita ditu Beasaingo eta Irungo plantak, 44 langile boluntario ari dira zerbitzu minimoetan eskari urgente batzuei erantzuteko, baina enpresak ez ditu ateak irekiko apirilaren 20ra arte.
Beste siderurgia handi bat, Arcelorren eskuetan dagoen Sestaoko ACB, itxita dago, irekiera datarik gabe, eskarien jaitsieragatik.
ArcelorMittalek ABEEEa aurkeztu du Estatuan dituen enpresa guztietarako. EAEn bost planta ditu: Bergaran, Zumarragan eta Olaberrian, Gipuzkoan, eta Sestaon eta Etxebarrin, Bizkaian. Sestaokoan indarrean dute Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea, baina ez Etxebarrikoan; Gipuzkoako plantetan, berriz, "zerbitzu minimoetan" ari dira.
Nafarroan beste hiru planta ditu konpainiak: Lesakan, Legasan eta Berrioplanon. Atzo, LAB sindikatuak Legasako fabrika ixteko eskatu zuen langile bat COVID-19agatik hil ostean. "Heriotza hau ekidin zitekeen", adierazi zuten, "are gehiago martxoaren 13an lehen kasua atzeman zenean neurriak hartu balira". Sindikatuak salatu duenez, gaur egun gutxienez 13 langile daude bajan gaixotasunagatik eta beste hainbat koarentenan.
Foru Erkidegoko enpresarik handiena, Nafarroako Volkswagen, itxita dago martxoaren 15etik, ez langile nahikorik ez langileentzako segurtasun baliabide nahikorik ez zuelako, eta ABEEEa dute martxan.
Lanera itzultzeko, "automobil merkatuaren berpizkundearen zain" daude, nahiz eta konpainiak apirilaren 27ko data darabilen buruan. Zuzendaritza eta langileen batzordea antolakuntzarako plana adosten ari dira, jardueraren itzulera langileen osasuna zein segurtasuna bermatuz egin dadin; langile guztiei norbera babesteko ekipoak emanda, besteak beste.
Industriatik kanpora, asteartean berrekingo dio jarduerari eraikuntza sektoreak, eta hilaren 20an, berriz, antxoaren arrantzak.
Kritikak, zalantzak eta lanera itzultzeko gomendio eta gidak
Funtsezkoak ez diren jarduerei berrekitea gogor kritikatu eta salatu dute ELAk eta LABek. Industria geldiarazten zuen dekretua azkarregi altxatu dutela uste dute bi sindikatuek zein beste hainbat eragile sozialek. Alderdi politikoen artean, EH Bildu ere lantegiak orain irekitzean aurka agertu da, baita Quim Torra Kataluniako presidentea ere, eta Madrilgo Erkidegoko presidente Diaz Ayusok zalantzak agertu ditu. "Ea ez den akats bat", esan du.
Espainiako Gobernuaren baitan ere, eztabaida dago gai honen inguruan, eta Unidas Podemoseko kideak aurka agertu dira publikoki. Gobernu gisa hartutako erabakia, dena dela, etenaldia hilaren 13an amaitzea da, eta egun horretatik aurrera erabiltzeko gida bat egin dute langileek eta enpresek zein segurtasun neurri hartu behar dituzten jakinarazteko.
Gobernuak gogoratu du ahal duten guztiek etxetik lan egin behar dutela eta sintomak dituztenek, gaixoekin kontaktua izan dutenek eta arrisku taldeko langileek baja eskatu eta ez dutela lanpostura itzuli behar.
Lanerako joan-etorria ahalik eta seguruena izan dadin, oinez, bizikletaz, motoz, edo autoz (bakarrik) joatea gomendatu dute, eta garraio publikoa hartu behar izanez gero, maskara janztea eta 2 metroko tartea uztea. Hala, Gobernuak 10 milioi maskara banatuko ditu astelehenetik aurrera metro eta tren geltokietan.
Enpresan, ohiko distantzia eta higiene neurriak errespetatu beharko dira, eta enpresaburuek langileen segurtasuna bermatzeko behar den materiala eman beharko dute. Era berean, sarrera-irteerak jende pilaketarik ez gertatzeko moduan antolatu beharko dituzte, eta gauza bera lanpostuetan ere.
Etxera iritsitakoan, distantziak zaindu beharko dituzte langileek, baita bestelako higiene neurriak ere etxean, arrisku taldeko jendearekin bizi badira, bereziki.
Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, Euskadiko lan zentroetan jarduera modu seguruan berrekiteko gida igorri die agente sozial eta enpresei, "langileen osasuna zaintze aldera".
Gida horrek "gabezia larriak" dituela salatu dute ELAk eta LABek, eta langileen osasuna "bigarren mailan" uzten duela. Hala, asteartetik aurrera bere langileen osasuna arriskuan jartzen duten enpresak ixteko eskatu diote Gobernuari.