Ekonomia -

Pandemia

Hainbat eragilek azokak egiten uzteko eskatu diote Jaurlaritzari

Hainbat nekazarik, elkartek, kooperatibak eta bestelako herritarrek sinatutako adierazpenean galdetzen dute ea zergatik debekatu diren azokak, baina supermerkatuek irekita jarraitzen duten.

Ordiziako azoka. Argazkia: EiTB
Ordiziako azoka. Argazkia: EiTB
Osasun Sailak merkatu eta plazetako salmenta bertan behera uzteko agindua eman du

1:31

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko hainbat eragilek, tartean nekazaritza alorreko kooperatibek, 'Merkatuak eta azokak irekita nahi ditugu' adierazpena sinatu dute Eusko Jaurlaritzak bertako produktuen azokak bertan behera uzteko eman zuen aginduaren aurka.

Sinatzaileek ez dute ulertzen Jaurlaritzaren aginduaren arrazoia "pertsonen joan-etorriak gutxitzea eta jende pilaketa saihestea" bada, nola dauden irekita supermerkatuak: "Horietara joateko ez al da joan-etorririk egin behar? Barruan ez al da jende pilaketarik gertatzen? Nor ari da zaintzen saltoki horien barruan jendeak distantziak gordetzen dituen edota jendeak gutxieneko higiene-arauak betetzen dituen?".

Laborariek, herritarrek, alderdi politikoek eta abarrek sinatutako adierazpenean gogorarazi dute udal azokak zerbitzu publikoa direla, eta "neurri zehatzak" har daitezkeela, Ordiziako azokan egin den moduan,"ez ordea debeku orokor bat".

Haien iritziz, baliteke erabakiaren atzean beste arrazoiren bat egotea: Jaurlaritzak baserritarren produktuak saltoki handietan saldu nahi izatea. Izan ere, Jaurlaritza eta aldundiak ez omen dira adierazpena sinatu dutenekin harremanetan jarri egoera bideratzeko.

Hori horrela, "hartu beharreko osasun-neurri guztiak hartuta" azokak berriro irekitzea eskatu dute, eta Jaurlaritzak egin dezala "tokiko elikadura sostengarri eta iraunkorraren aldeko pedagogia".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nekazaritza Alarma egoera Azokak gaur