Ekonomia -

Koronabirusa

Jaurlaritzak bonoen erabilera bultzatuko du merkataritzan, ostalaritzan eta turismoan

Koronabirusaren krisiaren ondorioz egoera latza bizitzen ari diren sektoreetan kontsumoa bultzatzea da helburua.

Sonia Perez Ezquerra, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua. Irudia: ETB.
Sonia Perez Ezquerra, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua
Sonia Perez Ezquerra, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua. Irudia: ETB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sonia Perez Ezquerra Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak esan du Jaurlaritzak bonoen erabilera bultzatuko duela merkataritzan, ostalaritzan eta turismoan kontsumoa indartzeko. Horretarako, bere sailak “ahalegin handiena” egingo du, aurrekontuari dagokionez. Gainera, eta udari begira, Perez Ezquerrak azpimarratu egin du pentsamoldea aldatu beharko dela eta oporrak etxetik gertuago pasatzea planteatu beharko dugula.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, “zoritxarrez”, ostalaritza, hotelak, merkataritza, museoak eta abar neurri berean ari direla krisiaren egoera pairatzen. “Erabat kolpatu ditu”, esan du, salbuespena jatekoak eta bestelako oinarrizko produktuak saltzen dituzten dendak zirela zehaztuta.

Aurten, hoteletako okupazioa % 80koa izatea espero zuten, 2019ko bera, “Aste Santua urteko sasoi oso ona delako”. “Kanpaina oso polita pentsatuta geneukan”, gaineratu du. Dena den, itxaropena ez du galdu eta udarako turismoa berreskuratzen hastea espero du.

Turismoa euskal BPGren % 6 da, eta, gainera, hazkundean da, “azken urteetan ekonomiak berak baino hazkunde handiagoa zuen sektorea zen”. “Momenturik onenean geunden, eta hazkunde hori iraunkorra eta jasangarria zen”, azpimarratu du Perezek.

Bere ustez, ostalaritzan eta merkataritzan jarduera errekuperatzen joango da, alarma egoera eta konfinamendu garaia atzean uzten ditugunean. Hala ere, argi utzi du "baldintzatutako normaltasuna" izango dela, "osasun baldintza zorrotzak bete beharko direlako (leku bakoitzean sartu daitekeen pertsona kopurua mugatuta egongo da, distantziak gorde beharko dira…), baina normaltasunera itzuliko gara eta horrek onurak ekarriko ditu”.  

"Tabernak ezin izango dira gainezka egon"

Sonia Perezek oso argi esan du: koronabirusaren pandemiak eragindako alarma egoera bukatzean, “tabernak ezin izango dira gainezka egon”. Aurreratu duenez, ostalaritza eta merkataritza lekuek neurri zorrotzak bete beharko dituzte.

Zentzu horretan, Jaurlaritza Espainiako Gobernuarekin elkarlanean ari da egoera horretara iristen garenean bete beharreko protokoloak zehazten. Hala ere, sailburuak ez du neurri horien inguruan ezer gehiago aurreratu nahi izan, gehiago zehaztuta egon arte.

"Distantzia handiagoak gorde beharko ditugu eta ezin izango da jendetza handirik bildu", esan du.

Koronabirusaren eragina turismoan

Koronabirusak Espainian duen eraginak Euskadiko turismoan izan dezakeen eraginari dagokionez, sailburuak esan du pandemiaren eragina mundu mailakoa dela, eta egoeraren araberakoa, ondorioz, “egoera pasa egingo da” eta marka berreskuratu egingo da, bai Espainiako turismoarena (munduko lehen potentzia da alor horretan) eta bai Euskadikoa. “Marka berreskuratzea erraza izango da eta horretarako kanpainak egingo ditugu”, ziurtatu du.

Oporrak, etxetik gertu

Perezek esan duenez, eta oporren gaiari helduta, jendeak bere pentsamoldea aldatu behar du eta udako oporrak etxetik gertu pasatuko dituela onartu beharko du.

Sonia Perezek azaldu duenez, industria izango da lehenengoa errekuperatzen, eta, ziurrenik, zerbitzuak azkenak izango dira. “Baina goizegi da horrelako aurreikuspenak egiteko. Pandemiaren bilakaera zein den ikusi behar dugu, kutsatzeak jaisten jarraitzea, eta egunero albiste onak jasotzeko itxaropenari heldu behar diogu”.

Bonoak

Bonoei dagokienez, kontsumoa modu askotan bultza dezaketela esan du. “Oso ondo funtzionatzen duen produktua da. Normalean merkataritzan erabili ditugu gehien, baina orain, egoera ikusira, denerako erabiliko dugu, merkataritzan, ostalaritzan eta turismoan. Aurrekontuaren parte hori bereziki indartuko dugu, eta horretarako beste erakunde batzuekin koordinazioan arituko gara”, azaldu du.

Bere ustez, “produktu transbertsala da, efektu oso azkarra duena eta sektoreak askotan eskatzen duena, esperientzia oso ona izan delako beti”. “Ahal dugun alor guztietan aplikatuko dugu”, esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Tabernak gaur Koronabirusa Alarma egoera