Ekonomia -
Koronabirusa
Mercedes-Benzek apirilaren 26ra atzeratu du jardueraren hasiera Gasteizen
Lan-arriskuen prebentziorako batzordearen bileran, martxoaren 16tik etenda dagoen jarduerari berriro ekiteko aukera aurkeztu dute gaur.
Agentziak | Erredakzioa
Mercedes-Benzeko zuzendaritza Gasteizko lantegian jarduera pixkanaka berrabiarazteko aukera aztertzen ari da apirilaren 26tik aurrera, alarma egoeraren bigarren luzapena amaitu ondoren. 5.000 pertsona ari dira lanean lantegian.
EAEko enpresa handieneko lan-arriskuen prebentziorako batzordearen bilera egin dute gaur, eta enpresako zuzendaritzaren zirriborro bat aztertu da. Martxoaren 16tik etenda dagoen jarduerari apirilaren 20an berrekiteko aukera azaltzen da bertan.
Hasiera batean, enpresaren zuzendaritzak hilaren 14an lantegia berriro irekitzea aurreikusita zeukan, eta helburua hori dela onartu du, baina, egun, ez dakite posible izango den, ez baita ziurra data horretarako aurreikusitako segurtasun eta higiene neurriak ezarri ahal izango dituenik, eta horniduren inguruan "zalantza dezente" daudelako.
Bilera hori egin eta ordu batzuetara, Emilio Titos lantegiko zuzendariak idazki bat bidali die langileei. Bertan, multinazionalak "apirilaren 26ko data" bere gain hartzen duela azaldu die "bere jarduera industrialari berriz ekiteko erreferentzia gisa", eta lana berriz hasteko egun zehatza "behar bezala jakinaraziko" duela.
Gaineratu duenez, lantegiko krisi kabinetea beharrezko neurri pertsonalak, sanitarioak, logistikoak eta azpiegituretakoak prestatzen ari da jarduera bertan behera uzteko epean, "egoerak ahalbidetzen duen datarik hurbilenean abiatze mailakatua bermatzeko".
Datorren astean langileen ordezkariekin beste bilera bat egingo dute, prebentzio neurriei buruzko zirriborroa euren ekarpenekin osatuko dute, eta lantegiko zuzendaritza hilaren 20an zenbat langile egon daitezkeen zehazten saiatuko da, bajan daudenak eta berrogeialdian daudenak zenbatuz.
Enpresak aurreikusitako plana apirilaren 20an lehen lan-txanda batekin hastea da, hurrengo astean birekin eta hirugarrenean hirurekin.
Egoera honek irauten duen bitartean, indarrean jarraituko du koronabirusaren pandemiak eragindako ondorioengatik halabeharrez onartutako aldi baterako enplegu erregulazioak.