Ekonomia -

Koronabirusa

ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua salatu dituzte

Lan egiteko moduan zeuden industriako sektoreekin zabaldu zuten zerrendak langileen osasuna eta bizitza arriskuan jartzen zituela iritzita aurkeztu dute salaketa.

Langilea. Argazkia: EiTB
Langilea. Argazkia: EiTB
Langilea. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELAk eta LABek salaketa jarri dute Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurka osasunerako, bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubideak urratzea egotzita; izan ere, aurreko astean emandako aginduekin industria alorreko langile askoren bizitza eta osasuna arriskuan jarri zituztela iritzi diote.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusian eta Nafarroako Sozial Epaitegian aurkeztu dituzte salaketak.

Bi gobernuek martxoaren 31n kaleratu zituzten "nota argigarriak" aipatzen dira salaketan. Lan egin zezaketen industriako sektoreak aipatzen ziren bertan, eta jai egunetan moduan lan egin zezaketela agertzen zen.

Bi sindikatuek uste dute jarraibide horiekin arriskuan arri zituztela lantokira joatera behartu zituzten langileen bizitza eta osasuna.

ELAk eta LABek salaketan eskatzen dute aitor dadila Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak industria sektoreko langileen osasunerako, bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubidea urratu dutela.

Horregatik, aipatu nota argigarriak behin behinean, eta 24 orduko epearen barruan, bertan behera geratzeko eskatu dute.

ESK-k Maroto eta Tapia salatuko ditu

Bestalde, ESK-k prebarikazioa leporatuta salatuko ditu astearte honetan Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikorako sailburua eta Reyes Maroto Espainiako Industria ministroa, industriako hainbat enpresek martxan jarrai dezaten Espainiako Gobernuaren dekretua malgutzeagatik.

Salaketa astearte honetan aurkeztuko du Bilboko Guardiako Auzitegian, eta orduan emango dituzte azalpenak ESK sindikatuko ordezkariek.

Dena dela, aurreko astean aurreratu zuten dekretua malgutu izana "herritar guztien osasunaren kontrako atentatua" dela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Koronabirusa ESK