Ekonomia -

ERRENTA AITORPENA

Arabak errenta kanpainaren epeak moldatu ditu eta online izapidetzea bultzatu nahi du

Aurrez aurreko arreta zerbitzua irailera arte atzeratuko da, baina gutunak bidaltzeko epeak mantenduko dira, beraz, izapideak online sistemaren bidez gauzatu ahal izango dira apirilean.

Online edo telefono bidezko izapidetzeak onartuko dira. Foto: EiTB
Online edo telefono bidezko izapidetzeak onartuko dira.
Online edo telefono bidezko izapidetzeak onartuko dira. Foto: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Foru Gobernuak neurri berriak hartu ditu COVID-19ren hedapena geldiarazteko; besteak beste, errenta kanpainaren epeak aldatu ditu. Beraz, irailera arte atzeratuko da aurrez aurreko arreta, eta online bidezko izapidetzea bultzatuko du.

Ohar baten bidez, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du neurri horiek koronabirusaren egoerari jarraipena egiteko bileran hartu direla. Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia bilerako burua izan da, eta Foru Gobernuaren Kontseiluko kideekin eta diputatu nagusiaren kabineteko zuzendariarekin elkartu da.

Arabako Foru Ogasunak errenta kanpainaren epeak aldatu ditu, eta aurrez aurreko arreta zerbitzua irailera arte atzeratuko da. Era berean, online izapidetzea bultzatuko du, Rentareden bidez.

Osasun alertaren ondorioz, eta gerta daitezkeen kutsatzeak saihesteko, foru bulegoetan errenta aitorpena egiteko aurrez aurreko arreta irailera arte atzeratuko da.

Finantza-erakundeek eta gestoriek errenta-aitorpenak egiten badituzte, Foru Ogasunak likidazioak ohiko epean -apiriletik ekainera- jasoko ditu. Era berean, irailetik urrira bitartean likidazioak jasotzeko aukera ere zabalduko dute.

'Rentafácil' online izapidetze-sistemari dagokionez, 100.000 zergadun baino gehiagori gutunak eta aitorpen-proposamenak bidaltzeko epea mantenduko da apirilean. Proposamena online (Internet bidez) edo telefonoz onartu ahal izango da, eta itzulketak 24/48 orduko epean egingo dira.

'Rentafácil'-ren proposamena aldatu behar izanez gero, edo zergadunak proposamenarekin ados ez badaude, Ogasuneko bulegoetan aurrez aurreko zerbitzua irailera arte atzeratu da. Beste bide batzuetatik ere egin ahal izango dira -Rentared, gestoriak edo finantza erakunde laguntzaileak- ohiko epeetan -apiriletik ekainera, eta baita irailetik urrira.

Laburbilduz, 'Rentared' zerbitzuak errenta aitorpena Internet bidez egiteko aukera zabaltzen du -apiriletik ekainera, eta baita irailetik urrira ere-. Itzulketak 24/48 ordutan egingo dira, eta Ogasunari egin beharreko ordainketak azarora arte atzeratu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Errenta aitorpena Ekonomia Ramiro Gonzalez Eguneko albisteak Albisteak Zergak gaur Arabako Foru Aldundia azken ordukoa