Ekonomia -

Koronabirusa

Funtsezkoa ez den guztia gelditzeko eskatu dute berriro ELAk eta LABek

"Jarduera ekonomikoa osasun publikoaren gainetik jartzen dutenen presioaren aurrean" Espainiako Gobernuak "amore eman" duela salatu dute bi sindikatuek.

Bi langile Gasteizen. Argazkia: EFE
Bi langile Gasteizen.
Bi langile Gasteizen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den igandean oinarrizkoak ez diren jarduera ekonomiko guztiak gelditzeko agindua eman zuen Espainiako Gobernuak. Alabaina, gaur, atzera egin du eta industria elektrointentsiboak martxan jarraituko duela zehaztu du.

ELA eta LAB sindikatuek gogor kritikatu dute Pedro Sanchezen Gobernuaren azken erabakia eta funtsezkoa ez den jarduera guztia eteteko eskatu dute enegarrenez.

"Ez dugu onartuko egoera dramatiko honetan beharrezkoak ez diren sektoreak martxan egotea", adierazi du ELAk ohar batean.

Espainiako Gobernuak atzera egin badu, Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek "presio" egin diotelako dela ziur agertu da sindikatua. Iñigo Urkulluren Gobernuak publikoki adierazi du egunotan eraikuntza eta industria sektoreetako enpresak irekita mantentzearen aldekoa dela eta patronalak kritika zorrotza egin dizkio Sanchezen Exekutiboari dena gelditzeko erabakia hartzeagatik.

Gauzak horrela, ELAk uste du Espainiako Gobernuak "jarduera ekonomikoa osasun publikoaren gainetik jartzen dutenek egindako presioaren aurrean amore eman" duela.

Industria Ministerioak gaur arratsaldean zabaldutako oharra "interpretaziozkoa" dela eta Lege Dekretuak esandakoa ordezkatzen ez duela azpimarratu du.

ELAk erantsi du zenbait enpresa irekita mantentzea uler dezakeela, baina betiere sindikatuekin adostuta eta langileen osasuna bermatzea lehenetsita.

Bestalde, LABek salatu du hainbat enpresaburu "zirrikituak bilatzen" ari direla lantegiak irekita mantentzeko, "funtsezko jarduerak izan ez arren".

"Espainiako Gobernuak orain egin duen zehaztapen berriarekin, igandean iragarritako dekretuaren interpretazio irekia egiteko aukera egongo da eta, ondorioz, enpresariek nahi dutena egiteko aukera izango dute", ohartarazi du.

Nolanahi ere, zentralak uste du gaurko oharrak ez duela balio juridikorik, dekretua indarrean dagoelako eta lege horrek oinarrizkoa ez den jarduera etetea agintzen duelako.

"Anbiguotasuna eta iruzur saiakerak alboan uzteko eta behingoz langileen eta herritarren osasuna erdigunean jartze dezatela exijitzen dugu", dio LABek bere oharrean.

Kasu positiboak industrian

Bestalde, ELAk jakinarazi du Gasteizko Mercedes lantegian 47 koroanbirus kasu antzeman dituztela, eta beste bost gehiago Tubos Reunidos enpresan.

Halaber, ondoko konpainiatan ere hainbat langile gaixotu direla erantsi du: Equipos de transmisión, Detesa, Olan, CEVA Mercedes, DHL Mercedes eta Guardian Llodio.

Koronabirus kasuak agertu diren beste enpresa batzuk ere aipatu ditu ELAk,  besteak beste: ITP Aero, Vicrila, Campezo, Teknia Elorrio, Cemosa Atxondo, MFS Trapaga, Fibertecnic Grupo Aernnova, Bruss, Sidenor, Thyssen Andoain, Petronor, Tamoin contrata de Petronor, UTE Goierrialdea, Naipes Fournier, Astar Sondika, Vicinay Sestao eta Konika Mikolta.

Dekretua ez betetzeko iruzurrak

Horrez gain, LABek salatu du enpresari asko lege-dekretua ez betetzeko eta lantegiak martxan mantentzeko zirrikituak bilatzen ari direla.  

Ildo horretan, funtsezkoak ez direlako itxita egon beharko ziren, baina, hala ere, jarduerarekin normaltasunez jarraitzen duten zenbait enpresa aipatu ditu: Domiberia, Aludium, Mecanizados Osatu eta ITPAero.

"Aludiumen, esaterako, oinarrizko ekoizpena % 10ekoa da, baina zuzendaritzak % 75 ekoiztera behartu nahi ditu langileak", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa ELA LAB Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sindikatuak Enpresaburuak Koronabirusa Industria sektorea