Ekonomia -
Koronabirusa
Jaurlaritzak oinarrizko jardueren zerrenda propioa bidaliko dio Espainiako Gobernuari
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari bidaliko dio eskutitza, Sanchezen dekretuak ezarritako jarduerez gain, beste batzuk ere martxan jarri ahal izateko.
agentziak | erredakzioa
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak gutuna bidaliko dio Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari, eta bertan Eusko Jaurlaritzak oinarrizkotzat jotzen dituen jardueren zerrenda jasoko du.
Arantxa Tapia buru duen sailetik jakinarazi dutenez, Eusko Jaurlaritza bide hori ari da jorratzen Pedro Sanchezen Gobernuak igandean onartu zuen dekretuak ezarritako jarduerez gain, beste batzuk ere martxan jarri ahal izateko.
Asturiasko kasua hartu omen du Jaurlaritzak erreferentzia gisa. Izan ere, bertan Espainiako Gobernuaren ordezkariarekin adostu dute 30 bat enpresak lan egin ahal izatea dekretua indarrean dagoenean ere.
Era berean, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila Industria Ministroaren argibide batzuen zain dago, dekretuaren 4. artikuluan sortutako zalantzen harira, hain zuzen ere. Jaurlaritzatik galdetu dute ea zein jarduerak utz ditzaketen "% 30ean"; izan ere, "enpresak galduta daude, artikulu horren interpretazio asko egin daitezkeelako".
Reyes Marotok zuzentzen duen Industria Ministerioak Eusko Jaurlaritzari adierazi dio ohar bat kaleratuko duela industria jardueraren inguruan sortu diren zalantzak argitzeko.