Ekonomia -
Koronabirusa
Enpresen geldialdiari eta ordaindutako baimenari buruzko gako nagusiak
Oinarrizkoa ez den jardueraren etenari eta ordaindutako baimenarekin pilatutako orduak errekuperatzeko moduari buruzko zalantza nagusiak argitzeko gida lagungarria.
EFE
Koronabirusaren hedapenari aurre egin nahian, Espainiako Gobernuak gehiago murriztu du herritarren mugimendua, martxoaren 30tik apirilaren 9ra bitartean oinarrizkoak ez diren jarduera ekonomikoak gelditzeko agindua emanda. Neurri hori indarrean dagoen bitartean, kaltetutakoek ordaindutako baimena izango dute, baina ondoren ordu horiek errekuperatu beharko dituzte.
1- Zer da ordaindutako baimen berreskuragarria?
Espainiako Gobernuak salbuespen egoera honetan sortutako kontzeptu berria da; izan ere, egun, ordaindutako baimenak ez dira berreskuratu behar. "Nolabait esateko, Espainiako Gobernuak lanaldiaren banaketa irregularra planteatzen du", adierazi dio Daniel Toscani Valentziako Unibertsitateko Lan Zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako irakasleak EFE agentziari.
2- Nori eragiten dio neurri berri honek?
Oinarrizkotzat jotzen ez diren lanbideetako beharginei.
3- Eta, nori ez?
Oinarrizkotzat jotzen diren lanbideetako beharginek, berriz, lanera joaten segituko beharko dute. Hauek dira funtsezko lanbide horietako batzuk: premiazko lehengaien hornitzaileak, ospitale eta osasun zentroetako langileak, zaintzaileak, etxeetako langileak, telekomunikazio eta informazio zerbitzuak, argindarra eta gas zerbitzua ematen duten konpainiak, garraio publikoa, segurtasun indarrak…
Halaber, neurri honek ez du eraginik telelanean ari diren langileengan, aldi baterako bajan daudenengan edota amatasun edo aitatasun baimena dutenengan.
4- Nola jakin dezake langile batek lanera joan behar duen ala ez?
Lan Ikuskaritzako eta Gizarte Segurantzako sindikatuaren arabera, enpresa bakoitzari dagokio bere jarduera oinarrizkoa den ala ez argitzea eta beharginari ordaindutako baimen berreskuragarria ezarri diola jakinaraztea. Jarduera eten behar badu, enpresak aldi baterako lan-erregulazioa aurkezteko aukera izan dezake.
5- Zer gertatzen da enpresa lan-erregulazio prozesu batean badago?
Kasu horretan, langileek ez dute ordaindutako baimena izango, dagoeneko behargin horiek etxean daudelako. Lanaldia murriztuta duten pertsonei dagokionez, ordaindutako baimenaren zati proportzionala jasoko dute.
6- Eta zer gertatzen da baimen horrekin pilatutako orduekin?
Ordu poltsa bat da eta ordu horiek berreskuratu egin beharko dira. Ezin daitezke opor egunengatik aldatu. Lanegun horiek 2020ko abenduaren 31a baino lehen berreskuratu beharko dira, Langileen Estatuak ezarritako balditzen arabera.
Hortaz, ezinbestekoa izango da gutxieneko atsedena errespetatzea: 12 ordukoa lanaldi batetik bestera eta 1,5 eguneko lan aste batetik bestera. Gainera, hitzarmenaren arabera urtean egin daitezkeen gehienezko ordu kopurua ezin izango da gainditu.
Ildo berean, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko kontziliazio eskubideak errespetatu egin beharko dira.
7- Nola berreskuratu behar dira ordu horiek?
Enpresa bakoitzean adostu beharko dute ordaindutako baimenarekin pilatutako orduak nola berreskuratu. Lan Ikuskaritzako sindikatuaren arabera, zuzendaritzak eta langileen ordezkariek zazpi eguneko epea izango dute negoziatzeko eta akordio batera heltzeko. Itunik ezean, enpresak erabakiko du noiz eta nola errekuperatu behar diren ordu horiek.
8- Soldata bera izango da bi aste horietan? Enpresek gutxiago kotizatuko dute?
Bai, lanera joan ez arren, ohiko soldata eta osagarriak jasoko ditu langileak. Eta enpresak dagozkion kotizazioak ordaintzen jarraituko du.
9- Enpresak lan-erregulazioa aurkez dezake egoeran honetan?
Espainiako Gobernuak esan du baietz, konpainia batek testuinguru honetan ere aldi baterako lan-erregulazioa aurkezteko aukera duela.
Alabaina, aditu batzuek zalantzan jarri dute hori. Pere Vidal Lan Zuzenbideko irakasle eta abokatuak zehaztu du aurrerantzean posible dela arrazoi ekonomiko, tekniko, produktibo eta antolakuntzako arazoenagatik lan-erregulazioa aurkeztea, baina ez ezinbesteko kasuaren argudioarekin, lan egitea posible baita.
10- Zergatik sortu dute orain ordaindutako baimen berreskuragarria?
Pere Vidalen iritzian, aldi baterako lan-erregulazio espedienteen uholdea eten nahi du Espainiako Gobernuak neurri horren bidez, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa arintzeko eta langabeziagatiko prestazio gehiago eman behar izateko.