Ekonomia -
Koronabirusa
Arabako enpresen herenek utzi diote soldatak ordaintzeari
Arabako Merkataritza Ganberaren txosten baten arabera, Arabako enpresen % 54 erabat geldirik zeuden dagoeneko joan den ostiralean, eta hamarretik lauk lan erregulazioa egin dute.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako enpresen % 32k utzi diote soldatak ordaintzeari koronabirusaren pandemiak "merkatua gelditu" duenetik, lurralde horretako enpresen % 44k aldi baterako lan erregulazioko espedientea egin dute ezinbestean, eta hamarretik ia lautan bajak izan dira, langileak covid-19arekin kutsatu direlako edo koarentena egin behar izan dutelako.
Arabako Merkataritza Ganberak galdeketa bat egin du lurraldeko ia bostehun enpresatan osasun krisi honek eta, zehazki, berorri aurre egiteko hartu dituzten neurriek zer eragin izan duten jakiteko.
Joan den ostiralean, martxoak 27, Arabako enpresen % 54k beren jarduera geldituta zutenez, Espainiako Gobernuak koronabirusaren pandemiari aurre egite aldera funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoak gelditzeko igandean onartutako neurriak ez du eraginik izango beraiengan.
Arabako enpresek hartu zituzten lehen neurriak bidaiak (enpresen % 89k), bilerak eta ekitaldietarako joan-etorriak (% 83) bertan behera uztea izan ziren, eta, ondorioz, bideokonferentziak areagotu dituzte galdeketari erantzun dieten enpresen % 63an. Enpresen heren batean soldatak ordaintzeari utzi diote merkatua gelditzearen ondorioz.
Enpresen % 61ek ordutegi malguak eta txanda mailakatuak ezarri dituzte, % 56an ezohiko kontziliazio neurriak jarri dituzte indarrean beren langileentzat eta erdiek baino gehiagok telelana areagotu edo ezarri dute.
Aldi baterako kontratazioei dagokienez, enpresen % 39k murriztu egin dituzte, eta % 32k ez zituzten berritu bukatutakoak. Koronabirusarekin kutsatutakoen edo koarentena egin behar izan dutenen bajak enpresen % 37ra iritsi dira, eta enpresen % 44k egin dute, ezinbestean, aldi baterako lan erregulazioko espedientea.
Enpresen % 68 zailtasunak izaten ari dira hornikuntzarekin, % 42an arazoak dituzte hornigaiak lortzeko eta % 65ean arazo logistikoak daude. Konpainien % 3k soilik handitu dute ekoizpena egoera honetan, galdeketaren arabera.
Salmenten esparruan, enpresen % 54k esan dute % 50 jaitsi direla gutxienez, eta % 18k jaitsiera % 20 eta % 50 artekoa izan dela. Bestalde, nazioartean aritzen diren enpresen % 44k erantzun dute % 50etik gora jaitsi direla esportazioak, eta % 13k jaitsiera hori % 20 eta % 50 artekoa izan dela.
Txotena egiteko, lurraldeko 426 enpresari egin diete galdeketa. % 45 zerbitzuen arlokoak ziren, eta % 28 industriakoak. Konpainia guztien % 90, berriz, 50 langile baino gutxiagoko enpresak dira.