Ekonomia -
Koronabirusa
Lan-erregulazioaren eraginpean dauden langileei iruzur egiten saiatu dira
Langabezia-prestazioa kobratzeko kontu korrontearen zenbakia bidaltzeko esanez mezuak jasotzen ari dira mugikorrean. Alabaina, beharginak ez du inolako tramiterik egin behar diru-laguntza jasotzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aldi baterako lan-erregulazioa aplikatu dieten langileen kontrako iruzurra antzeman dutela ohartarazi du Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak.
Azken egunotan, hainbat langilek SMS mezu bat jaso dute sakelako telefonoan espedientea onartu dutela esanez eta dagokion langabezia-prestazioa kobratzeko kontu korrontearen zenbakia bidaltzeko eskatuz. Iruzurra da.
Koronabiruaren hedapenaren ondorioz eta alarma egoera honetan ezarri diren aldi baterako lan-erregulazio kasuetan langileak ez du inolako tramiterik egin behar diru-laguntzak jasotzeko. Enpresa arduratzen da prozesu guztiaz eta, beraz, enpresari dagokio langilearentzako dagokion prestazioa eskatzea.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak azpimarratu du ofizioz ari direla tramitazio guztiak egiten eta, ondorioz, automatikoki onartzen dituztela eskaera guztiak. Hori bai, onartu dute salbuespen egoera honetan inoiz baino espediente gehiago jaso dituztela eta prestazioak kobratzerakoan atzerapenak izan daitezkeela.
Enplegu bulego guztiak itxita daude, baina herritarren arretarako telefono eta Internet bidezko zerbitzua indartu dutela erantsi dute.