Ekonomia -

Koronabirusa

Euskal enpresen jarduera % 50ean dago, koronabirusagatik

Eusko Jaurlaritzak, enpresa-elkarteak, sindikatuak eta ekonomia-arloko beste erakunde batzuk ostegun honetan batzartu dira, COVID-19 gaitzaren aurreko egoera aztergai.

Confebask patronalak eman du datua. EiTBre bideo batetik hartutako argazkia.
Confebask patronalak eman du datua
Jaurlaritza, patronala eta sindikatuak bat datoz langileen osasuna lehenestean

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal enpresen jarduera % 50ean dago, koronabirusaren pandemia hasi aurretik zuten jarduerarekin alderatuta, Confebask patronalak emandako datuen arabera. Confebaskek, halaber, eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari, iragarritako laguntzak "urgentziaz, azkar eta malgutasunez" ezar ditzan.

Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak Adegi, Cebek eta SEA lurralde-patronalek egindako inkesten datuak aurkeztu ditu, ostegun arratsaldean, enpresa-elkarteek, sindikatuek eta ekonomia-arloko beste erakunde batzuek Eusko Jaurlaritzarekin izandako topaketan. Hain zuzen ere, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua, Sonia Perez Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua eta Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburua izan dira bileran, Jaurlaritzaren aldetik.

Topaketan, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bat egin dute, eta erabateko "lehentasuna" eman diete osasun publikoa bermatu, industria-jarduera murriztu eta langileen kutsadura-arriskua saihesteari. Horrez gain, enpleguari eusteko bermeak galdegin dizkiete enpresei.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek pandemiak eragindako jarduera-eteteak sortuko duen krisiari aurre egiteko neurrien berri eman die euskal ekonomia-eragileei; hain zuzen ere, asteazken honetan gobernu bileran onartutakoak izan dituzte hizpide.

Jaurlaritzak neurrien berri eman du ohar bidez, eta zehaztu du toki espezifikoa txertatu duela www.euskadi.eus eta www.grupospri.eus web orrietan, laguntzen xehetasunak eta horien gaineko estekak emateko.

Tapia sailburuaren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna COVID-19 gaitzaren hedapena saihestea da, bai eta "gizartearen osasun-beharrei erantzuna ematea" ere; dena den, nabarmendu duenez, beharrezkoa da, halaber, "hurrengo egunean erantzuteko gaitasuna izateko prestatzea".

"Kolpe ekonomikoa oso bortitza ari da izaten, eta neurri hauek guztiak epe laburrean eta ertainean erantzuteko pentsatuta daude, jarduerari ahalik eta ondoen eusteko, eta enpleguari, ahal den heinean, eusteko", gehitu du Tapiak.

Zubiaurrek, bere aldetik, adierazi du, alde batetik, enpresen jarduerak behera egin duela (batez besteko jaitsiera % 50ekoa da, Confebasken arabera). Bestalde, horren esanetan, enpresek beste arazo batzuk ere badituzte, "adibidez, horniketarik eta lehengairik eza, gero eta handiagoa baita, bai eta salgaien garraioa ere".

Hori dela eta, Jaurlaritzari eskatu dio abiatzeko, "premiaz, arin eta malgutasunez, ezinbestean eskatutako aldi baterako lan-erregulazioak, finantzazio-lineak eta abalak, langabezia prestazioak, eta lanerako aldi baterako ezintasunen bajak baimentzea". Halaber, enpresek elektrizitate-horniketako kontratuetan potentziaren baldintzak doitu ahal izatea ere eskatu du.

Sindikatuen iritziak

ELA sindikatuak, berriz, esan du Eusko Jaurlaritzaren laguntzak, "berandu iristeaz gain, eskasak" direla. Hortaz, beste neurri batzuk ere eskatu ditu; besteak beste, prestaziorik gabeko langabe guztientzako gutxieneko errenta bat ezartzea, eta, halaber, laguntza bat, ikastetxeak ixteko neurrien ondorioz, esaterako, zaintza-lanetan dabiltzan pertsonek diru-sarrerei eta kotizazioei eutsi diezaieten.

"Aldi baterako lan-erregulazioetan, enpresek erabateko askatasuna ez izatea" ere eskatu du, "potentziaren baldintzak doitu ahal izateko, justifikaturik ez dagoen tartean erabil ez ditzaten", eta galdegitea aldi baterako kontratuak ez amaitzea. Era berean, ELAk eskatu du bermatzea "oinarrizko eskubideak eta beharrak, etxebizitza, elikadura eta energia, bereziki, ahulenak diren kolektiboei".

LABek eskatu du funtsezkoa ez den jarduera ekonomiko guztia etetea, eta hartzea "prebentziozko neurriak, beharrezkoak eta eraginkorrak diren guztiak", langileen osasuna babesteko.

Sindikatuaren iritziz, Jaurlaritzak "ez du langileen aldeko neurririk hartu", neurri guztiak patronalaren aldekoak baitira. Horregatik, ostiral honetarako deitutako mobilizazio-egunarekin bat egiteko eskatu die herritarrei.

CCOO sindikatuaren esanetan, industria-jarduera funtsezkoak diren jardueretara bideratu beharko litzateke, hornidurari eusteko. Galdegin du bermatzea, "guztiz, lan-osasuna", lanera sartu aurretik tenperatura hartzeko kontrol-puntuak erabiliz.

Enpresentzako laguntzak enpleguari eusteko ahaleginek baldintzatzea eskatu dio sindikatu honek Jaurlaritzari; hala, enpresa batek alarma-egoeran langileak kaleratuko balitu, ezingo luke laguntzarik jaso.

UGTk eskatu du banakako babes-ekipoak sektore sozio-sanitarioko langile guztiek eskuratzea, "premiaz". Horrez gain, galdegin du merkataritza-ordutegiak murriztea, eta diru-sarrerak bermatzeko errenta aldi baterako malgutzea; hala, kontratuen amaieraren ondorioz lana galdu duten langileek jaso lezakete errenta hori.

Aldundien ordezkariak ere bertan zirenez, UGTk eskatu die pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipenak murriztea, Euskadiko familien ahalmenak gora egin dezan, eta autonomoentzako laguntzetan hobekuntzak egotea ere proposatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Eusko Jaurlaritza albisteak ELA albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Confebask bideoak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuen azken ordukoa CCOO albisteak EAE albisteak Gaixotasunak albisteak Osasunari buruzko albisteak UGT Langileen Batasun Orokorra Koronabirusa