Ekonomia -
Koronabirusa
Koronabirusaren aurrean erreskate funtsa erabiltzearen alde agertu da Eurotaldea
Herrialdeek euren BPGaren % 2rainoko funtsak jaso ahalko lituzkete, oraindik zehazteke dauden baldintzetan. Dena dela, laguntza horien inguruko xehetasunak adosteko lanean jarraitu behar dute.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz funtsak eskatu nahi dituzten Europako herrialdeei euroguneko erreskate funtsaren bidez (Europako Egonkortasun Mekanismoa) finantzaketa-lerro espezifikoa emateko aukeraren alde agertu dira Europar Batasuneko (EB) Ekonomia eta Finantza ministroak.
Mario Centeno Eurotaldeko presidenteak azaldu duenez, herrialdeek euren BPGaren % 2rainoko funtsak jaso ahal izango lituzkete, oraindik zehazteke dauden baldintzetan. Hala iragarri du Centenok, koronabirusak eragindako krisi ekonomikoaren aurrean hartu beharreko neurriak aztertzeko asmoz EBko arduradun ekonomikoekin bideokonferentzia bidez egindako bilera baten ostean.
Ezaugarri horien inguruan "babes zabala" badago ere, laguntza horien inguruko xehetasunak adosteko lanean jarraitu behar dutela gaineratu du Centenok. Ildo horretatik, estatuburu eta gobernuburuen esku egongo da EBren erantzun zehatza erabakitzea datorren osteguneko goi-bilera telematikoan.
Finantzaketa-lerro espezifiko hori Europako Egonkortasun Mekanismoaren prebentziozko finantzaketa-lerroetan oinarrituko litzateke. Laguntza hori ez da inoiz erabili, eta ekonomia egonkor izanik, merkatuan sartzeko arazoak dituzten herrialdeei maileguak emateko aukera ematea du helburu, horretarako erabateko erreskaterik eskatu behar izan gabe.Trukean, euren egoeraren arabera finkatutako baldintzak bete behar dituzte.
Herrialdeek epe laburrerako laguntza jasoko lukete, koronabirusak eragindako krisiari erantzuteko, izan ere, epe luzera begira herrialdeak "finantza egonkortasunera itzultzea" espero du Eurotaldeak.