Ekonomia -

Koronabirusa

Lan-erregulazioko 4.000 plan baino gehiago aurkeztu dituzte Hego Euskal Herrian

EAEn kopurua bikoiztu egin da egun bakarrean, eta 28.846 langileri eragiten diete dagoeneko. Nafarroan, aldi baterako 300 erregulazio kudeatu dituzte oraingoz, eta 5.000 behargini eragingo diete.

Langile bat Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Langile bat Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Langile bat Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko 3.382 enpresak aldi baterako erregulazio planak aurkeztu dituzte, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz. Honenbestez, osteguneko zenbatekoa (1.365) bikoiztu egin da.

Gainera, Nafarroako konpainiek mila bat lan-erregulazioko espediente aurkeztu dituzte astebete eskasean. Foru Gobernuaren esanetan, "eragina ikaragarria izango da". Mila horietatik 300 baino ez dituzte kudeatu, eta 5.000 behargini eragingo diete.

Eusko Jaurlaritzako Lan Saileko iturriek jakitera eman dutenez, iragan astelehenetik aurkeztutako erregulazio planek 28.846 langileri eragiten diete (ostegunean 15.080ri).

Espediente kopururik handiena Bizkaian aurkeztu dute 2.029 (atzo 876), 17.823 langile kaltetu. Gipuzkoan, 868 (ostegunean 296) plan aurkeztu dituzte dagoeneko, eta 5.947 behargini eragingo diete, eta Araban 485 (193) espediente zenbatu dituzte jadanik, 5.076 langile tartean.

Hain zuzen ere, ostiral honetan EAEko lantegirik handienak, Gasteizko Mercedes-Benz fabrikak, aldi baterako erregulazio plana aurkezteko asmoa iragarri die beharginei, nahiz eta oraindik zenbat langileri eragingo dien ez zehaztu. 5.000 pertsona ari dira lanean, Arabako hiriburuko lantegian.

Espedienteak aurkeztu eta onartzeko modu eta oinarrizko irizpideak jasotzen dituen dokumentu bat igorri die Lan Sailak gizarte eragileei. Ezinbesteak bultzatutako arrazoi bezala, besteak beste, jardueraren etetea, lokalak aldi baterako ixtea eta pertsona zein salgaien mugikortasuna murriztea aipatzen ditu.

Era berean, langileak kutsatzea edo isolamendu prebentiboa zerrendatzen ditu agiriak, baita hornidura faltak enpresaren jarduera eragoztea ere.

Foru Erkidegoan, Jose Maria Aierdi presidenteordeak (Manu Ayerdi kontseilariaren ordezkoa, koronabirusarekin gaixorik baitago) azaldu duenez, zenbatekoa ikusita ondorio ekonomiko latzak aurreikusten dituzte; izan ere, 2012an, krisi ekonomikoaren urterik kaskarrenean, aste honetan baino erregulazio plan gutxiago aurkeztu zituzten.

"Izurriteak jarduera gelditu izanaren ondorio dira lan-erregulazioko plan gehienak, baina jarraipen bat egingo dugu", ziurtatu du presidenteordeak.  Enpresek "ezinbesteak bultzatuta" eskatu dutela egiaztatuko dutela ohartarazi du Aierdik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Enplegu-erregulazioko espedienteak Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Enpresaburuak Koronabirusa