Ekonomia -
Koronabirusa
Ertzaintzako eta udaltzaingoko plazak betetzeko hautaketa prozesua atzeratu dute
Hautaketa prozesu honetan izena emanda dauden ia 6.000 pertsonari jakinaraziko diete azterketa noiz egingo den.
Agentziak | Erredakzioa
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak atzeratu egin du, bestelakorik esan arte, Ertzaintzako oinarrizko eskalako 700 plaza eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 26 udaletako udaltzaingoetako 111 postu betetzeko hautaketa prozesuan larunbatean Barakaldoko BECen egitekoak ziren lehen probak.
Koronabirusaren hedapena geldiarazteko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako gomendioei jarraituz hartutako prebentziozko neurria da prozesuaren zuzendariak eta kalifikazio mahaiak ezohiko eta premiazko bileran hartu duten erabakia.
Hautaketa prozesu honetan izena emanda dauden ia 6.000 pertsonari jakinaraziko diete azterketa noiz egingo den, Eusko Jaurlaritzako iturriek asteazken honetan jakitera eman dutenez.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.