Ekonomia -
Koronabirusa
Volkswagenek prest du Nafarroako lantegia aldi baterako ixteko lan espedientea
Sindikatuek ontzat jo dute zuzendaritzarekin lortutako akordioa; izan ere, lantegia aldi baterako ixteko akordioa aplikatuko balitz, beharginen lanpostuak eta soldatak bermatuko lirateke.
Agencias | Redacción
Nafarroako Volkswageneko zuzendaritzak eta sindikatuek aldi baterako lan-erregulazioaren espedientea sinatuko dute gaur, asteartea, eta koronabirusaren izurriteak Iruñeko lantegiko ekoizpenari eragingo balio ezarriko lukete bakarrik.
Hala, 2018an ezarritako espedientea oinarri hartuta, proposamen berria egin dio Landabeneko Volkswageneko enpresako zuzendaritzak enpresa batzordeari, kasu honetan, koronabirusak sortzen duen ziurgabetasunaren eraginez lantegia abendura arte ixtea aurreikusiz.
Txinan, Iruñeko lantegian ekoizten diren T-Cross eta Polo modeloetako 80 pieza baino gehiago ekoizten dituzte, baina osagai horiek gordetzeko tokia soberan dutenez eta Landabeneko Volkswagenera hegazkinez bidaltzen dituztenez, Asiako herrialdean bizi duten egoerak ez du kalterik eragin Nafarroako Volkswagenen.
Italiako iparraldean, ordea, konplexuagoa da egoera, hornitzaileak Lombardia, Veneto eta Piamonte bezalako eskualdeetan baitaude, eta haien biltegiratze-ahalmena oso txikia da. Ondorioz, hiru edo sei egunez soilik hornitu ahal izango lirateke piezak, eta horien gabeziak erabat geldiaraziko luke Iruñeko ekoizpena.
Sindikatuek ontzat jo dute zuzendaritzarekin lortutako akordioa; izan ere, lantegia aldi baterako ixteko akordioa aplikatuko balitz, bermatuta egongo lirateke Nafarroako Volkswageneko beharginen lanpostuak eta soldatak.
Bestalde, LAB sindikatuak akordio hori salatu du, eta azpimarratu duenez, "gaur egun bizi dugun prekarietatea eta ziurgabetasuna areagotu daiteke koronabirusaren eraginez urte amaierara arte luzatuko litzatekeen aldi baterako lan-erregulazioaren espedientea gauzatuz gero".