Ekonomia -
Burtsa
Espainiako Burtsak % 8 galdu du, petrolio gordinaren prezioaren beherakadak lagunduta
Gainera, petrolio gordinaren prezioa ia % 30 jaitsi da, Saudi Arabiaren eta Errusiaren arteko prezio-gerra dela eta.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Burtsak % 7,96 egin du behera astelehen honetan, eta 7.708,7 puntuetan kokatu da, alegia, 2016ko uztaileko mailaren parean. Horren arrazoiak izan dira nazioarteko merkatuen atzeraldia, petrolioaren prezioaren beherakada, eta, balizko ekonomia-atzerapena gerta litekeelakoan, koronabirusaren hedapenak eta horri aurre egiteko neurriek eragindako beldurra, kontsultatutako adituen arabera.
Hala, espainiar merkatuan erreferentea den Ibex 35 adierazleak 666,9 puntu galdu ditu, % 7,96, balio guztiak behera eginda. 'Brexit'aren erreferendumetik hona egun batean izandako beherakadarik handiena da. Urtetik urterako galerak % 17,76koak ziren eguerdian.
Espainian, saioaren hasieran, Burtsak % 7 egin du behera, petrolioaren prezioaren beherakadak eta Asiako burtsen jaitsiera handiak baldintzatuta. Europan, Milanek % 11,17 egin du behera, eta Parisek % 8,39; Frankfurtek % 7,94 galdu du, eta Londresek % 7,69. Asian, Tokio % 5,07 jaitsi da.
Wall Streeten, jarduerak bertan behera utzi dituzte, hamabost minutuz; izan ere, adierazleetako bat % 7 jaitsi da, koronabirusaren krisiagatik eta merkatuko prezioen gerragatik. Dow Jones indizeak % 6,87 egin du behera.
Gainera, petrolioaren prezioak ere oso behera egin du, Saudi Arabiaren asmoa prezioak merkatzea baitzen; ekoizpena areagotu dutenez, Brent barrilaren zenbatekoa % 22 ari zen jaisten, eta 35,5 dolarrekoa zen; 1991n Golkoko Gerra izan zenetik, ez da horrelako beherakadarik izan egun batean.