Ekonomia -
LAN-ISTRIPUA
Bi pertsona kiskalita hil dira Azkoitian, txurro-denda batek su hartuta
Sugarrak itzali eta ibilgailuan sartu direnean, bi gorpuak ibilgailu barruan aurkitu dituzte suhiltzaileek. 23 urteko emakume bat eta 25 urteko gizonezko bat dira hildakoak.
eitb.eus
Txurro-denda baten ibilgailuak su hartu du Azkoitian (Gipuzkoa) eta bi pertsona kiskalita hil dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek eitb.eus-i baieztatu diotenez.
Sutea 18:00ak aldera piztu da Ibaiondo kalean. Suhiltzaileak bertaratu dira, sugarrak itzaltzeko. Ibilgailuan sartu direnean, bi gorpuak barruan aurkitu dituzte suhiltzaileek.
Ondorioz, larrialdi zerbitzuek bi pertsonen heriotza baieztatu baino ezin izan dute egin. EiTBk jakin ahal izan duenez, 23 eta 25 urteko emakume bat eta gizonezko bat dira hildakoak, eta Azkoitiako alkateak adierazi du ez direla herrikoak.
Segurtasun Sailak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko. Lekukoen arabera, leherketa bat entzun zuten, eta berehala zabaldu ziren sugarrak.
Heriotza hauekin, 15 langile hil dira Hego Euskal Herrian, urtea hasi zenetik, lan-istripuan. Horiei gehitu beharko litzaizkieke Zaldibarko zabortegian lurperatuta dauden bi beharginak; otsailaren 6an izan zen luizia, baina gorpuak ez dituzte topatu oraindik.
Azkoitiako txurro-dendaren sutearen irudiak, erabiltzaile baten eskutik