Ekonomia -
CAF Beasain (Gipuzkoa)
Amiantoa zuen lan-arropa garbitzen zuten emakumeen gaixotasunak aitortzea eskatu dute
CAF Beasaingo beharginek lantegi alboan elkarretaratzea egin eta enpresa-batzordearen agiri bat irakurri dute. "Amiantoaren aurpegi guztiak aitortu behar dira", aldarrikatu dute.
Agentzia | Erredakzioa
Emakumeen Nazioarteko Eguna igandean izango da. Amiantoa zuen beharginen lan-arropa garbitzen zuten emakumeen gaixotasunak laneko eritasun bezala aitortzea eskatu du CAF Beasain (Gipuzkoa) lantegiko enpresa-batzordeak ostiral honetan.
CAF Beasaingo beharginek lantegi alboan elkarretaratzea egin eta enpresa-batzordearen agiri bat irakurri dute. "Amiantoaren aurpegi guztiak aitortu behar dira", aldarrikatu dute. "50 pertsona, langile eta CAFeko senide hil dira amiantoaren ondorioz", gogorarazi du enpresa-batzordeak. "Familiak prozesu judizial amaigabe eta sufrimendu luze batera zigortu dituzte", deitoratu duenez.
Gainera, "amiantoak hildako langile guztiak ez dituzte aitortu, oso larria eta onartezina da", adierazi dute. "Amiantoak hildako behargin ikusezinak daude", eta "iluntasunetik argitasunera ekarri behar dira", gaineratu dutenez.
"Zeharka gaixotu diren" pertsonak daude, beharginen lan-arropak garbitzen zituzten emakumeak esaterako, gogorarazi dutenez. Vicenta Burguete, Puri Muñoz eta Maria Dolores Sabinoren kasu hori da, "amiantoa arnastu dute eta gaixotu dira, CAFen lan egiten zuten senideen buzoak garbitzeagatik". "Horietako bi hil egin dira dagoeneko; aitortzarik gabe eta prozesu judizial luze eta zailekin", salatu dute.
"Amiantoaren biktima guztiak, zuzenak zein zeharkakoak aitortzeko" eskatu die CAF Beasaingo enpresa-batzordeak patronalari, politikariei eta erakundeei. Era berean, amiantoaren zerrenda publiko bat egitea eskatu dute. "Amiantoaren ondorioak eta biktimak behin betiko gutxiesteari uzteko" eskatu dute, baita "prozesu judizial amaigabeak eta sufrimendua luzatzeari uzteko" ere.
Era berean, "laneko gaixotasuna duten emakumeak aitortzea" eskatu diote CAFi, "urteetako amianto erabileraren biktimak direlako".