Ekonomia -

Zergak

Bizkaiak diru kudeatzaileen PFEZ zerga % 50 murriztea onartu du

EAJk eta PSE-EEk adostutako neurriak PPren babesa ere jaso du, eta atzera bota dituzte osoko zuzenketak. EAJk azpimarratu du 'start-up'en inbertsioa erakarri nahi dutela neurriarekin.

Bizkaiko Foru Aldundia. Argazkia: Gonzalo Elorza
Bizkaiko Foru Aldundia. Argazkia: Gonzalo Elorza
Bizkaiko Foru Aldundia. Argazkia: Gonzalo Elorza

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Batzar Nagusiek inbertsio funts alternatiboen kudeatzaileen gaineko PFEZ zerga erdira jaistea adostu du batzordean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako osoko zuzenketak atzera botata.

Zergaren aldaketa Foru Gobernuko koalizioa osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, eta PPk babestu dute, eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemos kontra agertu dira. Lehen hiru alderdiek atzera bota dituzte osoko zuzenketak, bi koalizioek aurkeztutakoak.

Gaur, Batzar Nagusietako alderdiek arauari buruzko eztabaida egin dute. Ekintzailetzari, berrikuntzari eta jarduera ekonomikoaren garapenari lotutako inbertsio funtsen kudeatzaileei bideratutako neurria da. Aldundia aurreko urteko abuztuan saiatu zen dekretu bidez zerga araudia aldatzen, baina sozialistekin izandako desadostasunen ondorioz, proiektu berria adostu zuten, eta hori da gaur onartu dutena.

Arantza Urkaregi EH Bilduren batzarkideak esan du proiektuaren aurka daudela, eta atzera botatzeko eskatu dio Aldundiari, PFEZa murriztuta "errenta altuenei mesede" egitea dutelako helburu, "baliabide ekonomiko handiko jendeari" jaisten zaiolako zerga.

Eneritz de Madariaga Elkarrekin Podemosen bozeramaileak esan du Aldundiarena "opari fiskala" dela, eta "enpresa sarea deuseztatuko duten finantza tiburoiei atea irekitzen" diela.

Aurreproiektu berriak "ez die errenta irregularrei eragingo, zergadun berriei bakarrik eragingo die. Zergadun gehiago erakartzeko da hori", azpimarratu du Ekain Rico PSE-EEren batzarkideak.

Jane Eyre Urkieta EAJren batzarkideak nabarmendu duenez, zergaren aldaketak ez die inola ere eragingo Bizkaian gaur egun dauden inbertsio funtsei, eta zehaztu du teknologia alorreko enpresa berrietan, 'start-up'etan, inbertitzen duten diru kudeatzaileak daudela jomugan.

Dena dela, aurreproiektua ez dute behin betiko onartu, Batzar Nagusien osoko bilkuraren oniritzia izan beharko du horretarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika gaur