Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Langileen % 70ek hartu dute parte Hezkuntzako garbitzaileen greban
Dozenaka pertsonek elkarretaratze bat antolatu dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzaren aurrean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hezkuntza saileko eta UPV/EHUko azpikontratatutako langileen grebaren hirugarren egunak % 70eko jarraipena izan du ELA, LAB, ESK eta CC. OO. sindikatuen arabera, bost asteko grebara deitu duten sindikatuak.
Datua ELA sindikatuko Ane Alberdi ordezkariak eman du dozenaka pertsonek gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean, hor kokatzen baita Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritza.
Lurraldearen arabera jarraipena "aldatu" egiten den arren, batez bestekoa % 70aren inguruan kokatzen dela adierazi du Alberdik. "Eragin handiena" Bizkaian atzeman dela adierazi du eta Bilboko eta Gasteizko "fakultate batzuetan" geldialdia azpikontratatutako langileen "osotasunak" bultzatu duela.
Gogorarazi duenez, lau sindikatuek bost asteko grebara deitzea erabaki zuten martxoaren 2tik aurrera elkarrizketak "geldi" aurkitzen direla salatzeko, zerbitzuko esleipendun enpresek ez baitute "inolako asmorik" egoerari amaiera emateko.
Euskal Herriko unibertsitatean eta Hezkuntzako eraikuntzetan (Bigarren Hezkuntza, Batxilerra, LH eta hizkuntza eskolak) lan egiten duten 1.200 garbitzaile inguruk EAEko gobernuak zuzenean kontratatutako garbitzaileen soldata berdintzea eskatu dute, haiek baino % 13 gutxiago irabazten dutela baitiote.
ELAko sindikalistak azpikontraten kolektiboan existitzen den "prekarietatea" ere salatzen dutela azpimarratu du, haietako % 40k jardunaldi partzialak baitituzte, baita jasaten duten "lan karga defendaezina" ere. Azken horien harira, 2.500 eta 2.800 metro karratu bitartean garbitzen dituztela adierazi du, Hezkuntzako langileek 1.240 metro egiten dituztelarik.
Ikasleen eta unibertsitateko langileen "babesa" eskertu du Alberdik. Haietako askok greban dauden langileek Donostian antolatutako protestetan parte hartu dute Talde Feminista Autonomoa eta UKS, Ernai eta Unibertsitateko Indar Batasuna bezalako taldeek sinatutako bi pankartekin, "garbitzaileak ez daude bakarrik" aldarrikatuz.
Peto moreekin zihoazen 30 garbitzaile inguru ordu bete mantendu dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza donostiarrean "Garbiketa borrokan. Lan bera, soldata bera" irakurri zitekeen pankarta batekin. Aldi berean, konfetia eta panfletoak jaurti dituzte “eragozpenengatik” barkamena eskatzea aldarrikatuz eta "Hezkuntza, inplikazioa" oihukatuz.