Ekonomia -
Langabezia-datuak
307 langabe gutxiago Hego Euskal Herrian otsailean; guztira, 151.214 langabe daude
Euskal Autonomia Erkidegoan, 410 langabe gutxiago izan dira otsailean; % 0,35 egin du behera langabeziak. Nafarroan, aldiz, 103 langabe gehiago izan dira, % 0,30eko gorakadarekin.
Agentziak | Erredakzioa
307 langabe gutxiago izan dira Hego Euskal Herrian 2020ko otsailean; hortaz, guztira, 151.214 langabe daude Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan. Euskadin, 410 langabe gutxiago izan dira, eta % 0,35 egin du behera langabeziak; guztira, 117.214 langabe daude. Foru Erkidegoan, aldiz, 103 langabe gehiago daude; hau da, langabeziak % 0,30 egin du gora, eta guztira 33.975 langabe daude.
Hala, 2019ko otsaileko datuei erreparatuta, Euskadin orduan baino 2.624 langabe gutxiago daude; hau da, % 2,19 egin du behera, Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren arabera.
Lurraldeka, eta ehunekoak kontuan izanik, Araban jaso dute beherakadarik handiena; hain zuzen ere, % 0,53 egin du behera langabeziak bertan. Araban, urtarrilean baino 104 langabe gutxiago izan dira, eta, guztira, 19.339 langabe daude.
Bizkaian, langabezia % 0,36 jaitsi da; ondorioz, 66.875 langabe daude, urtarrilean baino 244 gutxiago.
Gipuzkoan, urtarrileko datua ia errepikatu egin da. 62 langabe gutxiago daude, % 0,20 gutxiago, eta guztira 31.025 lagun daude lanik gabe.
2019ko datuekin alderatuta, Gipuzkoan jaitsi da langabezia beste inon baino gehiago EAEn; izan ere, 933 langabe gutxiago daude bertan, % 2,92 gutxiago. Bizkaian, % 1,99 egin du behera (1.358 lagun), eta Araban, aldiz, % 1,69 (333 langabe gutxiago).
117.239 langabe daude Euskadin, arestian esan bezala, eta horietatik 8.626 dira 25 urtetik beherakoak; hau da, adin-tarte horretan, 222 langabe gutxiago daude, aurreko hilabetearekin alderatuta. 51.118 gizon eta 66.121 daude lanik gabe; hurrenez hurren, 390 eta 20 laguneko beherakada izan da.
Sektoreei dagokienez, beherakadarik handiena zerbitzuetan izan da (281 langabe gutxiagorekin), eta jarraian ondorengoak agertzen dira: industria (191 gutxiago), eraikuntza (75) eta nekazaritza (52). 'Aurreko Lanik Gabe' taldean, aldiz, 189 langabe gehiago daude.
Nafarroan, gora egin du langabeziak
Nafarroan, 2019ko otsailarekin alderatuta, 136 langabe gehiago daude, % 0,40 gehiago. 13.985 gizon eta 19.990 emakume daude lanik gabe, eta 3.184 langabe 25 urtetik beherakoak dira (1.611 gizon, eta 1.573 emakume). 30.791 langabek 25 urte baino gehiago dituzte (12.374 gizonek, eta 18.417 emakumek).
Nekazaritzan, 1.995 langabe daude, urtarrilean baino 3 gutxiago; industrian, 4.639 (23 gutxiago); eraikuntzan, 1.584 (32 gutxiago); zerbitzuetan, 22.822 (48 gehiago); eta 'Aurreko Lanik Gabe' taldean, 2.935 langabe daude, 113 gehiago.
Estatu espainiarrean, guztira, 7.806 langabe gutxiago izan dira otsailean, eta % 0,2ko beherakada izan da. 2017tik honako otsailak kontuan izanik, aurten izan da beherakadarik handiena. Guztira, 3.246.047 lagun daude langabezian; 2008tik, otsaila amaituta izandako kopururik baxuena da.
Gizarte Segurantzako afiliatuak
Halaber, Espainiako Gobernuak Gizarte Segurantzaren otsaileko datuak ere argitaratu ditu. Hego Euskal Herrian, guztira, 1.261.968 afiliatu daude; 973.152 EAEkoak dira, eta 288.816 Nafarroakoak.
Euskadin, 2019ko otsaileko datuei erreparatuta, 17.354 afiliatu gehiago daude (% 1,82 gehiago); Foru Erkidegoan, aldiz, 7.063 afiliatu gehiago izan dira (% 2,51).