Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Sindikatuek jarraipen handia ziurtatu dute Hezkuntzako garbitzaileen greban
Grebaren jarraipena % 75ekoa izan da Bizkaian eta Araban, eta % 60koa Gipuzkoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ELA, LAB, ESK eta CC. OO. sindikatuek antolatutako Hezkuntzako eta UPV/EHUko azpikontratako garbitzaileen bost asteko grebak jarraipen handia izan du lehen jardunaldian, antolatzaileek adierazi dutenez.
CC. OO. sindikatuaren arabera, grebaren jarraipena % 75ekoa izan da Bizkaian eta Araban, eta % 60koa Gipuzkoan.
ELA, LAB, ESK eta CC. OO. sindikatuek bost asteko grebara deitu dute gelditutako hitzarmenaren negoziaketekin jarraitzeko eta Eusko Jaurlaritzako garbitzaileen soldata berdina eskatzeko, besteak beste.
Talde horren lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmenak bost urte daramatzala "geldi" gogorarazi du CC. OO. sindikatuak eta Jaurlaritzaren inplikazioa eskatu du gatazkaren irtenbidean, "garbiketa zerbitzuen egoera honen parte izateagatik".
Bere aldetik, Euskal Herriko Unibertsitateak Leioako eta Arabako kanpusetan izandako ekintza bandalikoak salatu ditu.
Komunikatu batean azaldu dutenez, pikete talde batzuek hondakin organikoak, olioa, xaboia eta bestelako substantzia batzuk isuri dituzte hainbat eraikinetako sarreretan, atarietan eta eskaileretan, "arrisku larrian jarriz pertsonen osasuna eta segurtasuna".
Era berean, "istilu larriak" gertatu direla salatu dute Leioako kanpusean piketeen eta greban parte hartu ez duten garbitzaileen artean. Ondorioz, ertzainek jardun behar izan dute.