Ekonomia -
Finantzak
Kutxabanken irabaziak % 6 egin du gora 2019an: 352,2 milioi euro
Hipoteka maileguen kontratazioak % 24,3 egin du gora eta kontsumorako maileguen kontratazioak % 12,3. 'Online' jarduten duten erabiltzaile digitalen kopurua % 43ra igo da.
eitb.eus
Kutxabank Taldeak 2019. urtea 352,2 milioi euroko mozkin garbi trinkoarekin amaitzea lortu du, aurreko urtean lortutako irabazia % 6 handituta, beraz, ohar batean konpainiak jakitera eman duenez.
Erakundeko zuzendaritza taldeak Gasteizko Europa Biltzar Jauregian izan duen bileran aurkeztu dute 2019ko jardueraren balantzea, gaur goizean. Bilera honetan Gregorio Villalabeitia presidenteak eta Javier Garcia Lurueña kontseilari delegatuak ekitaldiko gertaera nagusiak aztertu ondoren, aurten izango dituzten helburuak finkatu dituzte.
Txikizkako sarearen kreditu-inbertsio produktiboa "nabarmen" hazi da, % 2, eta 2012tik lehen aldiz, sarearen orotarako kreditu-inbertsioa positiboan dago.
"Zalantzarik gabe, ekitaldiko alderdirik deigarrienetako bat" hipoteka maileguen kontratazioetan izandako % 24,3ko igoera izan da. Kontsumorako maileguen kontratazioak ere % 12,3ko garapen positiboa izan du.
"Ekitaldiko ezaugarri nagusietakoa" berankortasunaren murrizketa izan da. Zalantzazko aktiboak 364 milioi eurotan jaitsi dira, eta ondorioz Kutxabank Taldearen berankortasun ratioa "hobetu egin" da. Gertakizun dauden arriskuak aintzat izanik % 2,98an kokatu da.
Bestalde, aseguruen negozioak "beti bezala" eman duen bultzada gehitu zaie, alor honek marjina gordinari 141 milioi euroko ekarpena egin baitio, aurreko urtean baino % 4 handiagoa.
"Kutxabank Taldeak irtenbide teknologiko berriak gaitzearen eta bere bezeroen esperientzia digitala hobetzearen alde egindako apustuak isla nabarmena izan du online negozioaren hazkunde handian", 2019an bikoitza baino gehiago hazi baita haren eragiketa kopurua.
Azken ekitaldian, batez ere 'online' jarduten duten erabiltzaile digitalen kopurua % 43ra igo da.