Ekonomia -

Enplegua

Lanbidek arreta pertsonalizatuko gune berriak ditu EAEko 12 herri txikitan

Gune horiek EAEko Enplegu Zerbitzuaren erreferentziazko 42 bulegoko sarea osatuko dute.

Lanbideko langile bat erabiltzaile bat artatzen. ETBren bideo batetik ateratako argazkia
Lanbideko langile bat erabiltzaile bat artatzen
Lanbideko langile bat erabiltzaile bat artatzen. ETBren bideo batetik ateratako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lanbidek arreta pertsonalizatuko gune berriak zabaldu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12 udalerri txikitan, bere sareko 42 bulegoetan ematen dituen zerbitzu eta baliabide guztiak eskaintzeko.

Zehazki, Arabako Langraiz Oka, Gaubea eta Rivabellosa (Añanako Kuadrilla), Lagran, Maeztu eta Santikurutze Kanpezu (Kanpezu-Arabako Mendialdeko Kuadrilla), eta Bastida, Guardia eta Lapuebla de Labarcan (Guardia-Arabako Errioxa Kuadrilla), eta Bizkaiko Igorren (Arratia-Nerbioi), Otxandion (Durangaldea) eta Txorierriko Mankomunitateko Behargintzako bulegoan -Larrabetzu, Lezama, Zamudio, Derio, Sondika eta Loiuko herritarrei arreta emateko- zabaldu ditu Lanbidek gune berriak.

Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak herrigune horietan ireki diren arreta pertsonalizatuko guneetara hurbilduko dira, aldizka, eta, horrela, Lanbideko arreta eredu berria zabalduko da, enplegu bila dabilen pertsonari edo enpresari laguntza pertsonalizatua emateko.

Zerbitzuak

Puntu berri horietan, Lanbidek egiten dituen enpleguaren inguruko laguntza prozesuekin lotutako edozein gai kontsultatu ahal izango dute erabiltzaileek, enplegagarritasuneko diagnostiko bat egitetik hasi eta prestazioak eskatzeraino (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzako Prestazio Osagarria). Horretarako, arreta banakakoa eta tutorizatua emango da, prestatuta dauden langileen eskutik.

Lanbideko profesionalak udalek lagatako lekuetan arituko dira lanean, eta horrela, "sortu zenetik hamar urte bete direnean, herritar guztiei bere zerbitzuak eta baliabideak hurbildu nahi dizkien euskal enplegu zerbitzuaren ekimenean hartuko dute parte udal horiek", adierazi dute Lanbidetik.

Lanbideko zerbitzuak jende gutxiago bizi den inguruneetara hurbiltzea enplegu zerbitzuaren arreta eredu berriaren jarduketen barne dago, "pertsonei zerbitzu integralak, pertsonalizatuak eta teknologikoki aurreratuak eskaini nahi dizkielako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lanbide Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak