Ekonomia -

Aurrekontu-egonkortasuna

Tabakoaren BEZa igo eta emakumeen higienerako produktuena jaitsiko du Espainiak

BEZa produktu eta zerbitzu jakin batzuei igoko diete, hala nola, tabakoari eta apustu etxeei. Dena dela, beste produktu batzuei zeharkako zerga hori murriztuko diete.

Tabakoa. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia
Tabakoa.
Tabakoa. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk eta Unidas Podemosek adostu berri duten erreforma fiskalak tabakoaren eta apustu etxeen gaineko BEZa igotzea aurreikusten du, Txema Guijarro Unidas Podemoseko diputatuak ostegun honetan jakinarazi duenez. Horrez gain, emakumeentzako higiene produktuei eta albaitaritza zerbitzuei zeharkako zerga jaitsi nahi die koalizio-gobernuak.

Hala ziurtatu du Guijarrok, Kongresuan aurrekontu egonkortasunerako eta gastu ez finantzarioaren mugari buruz goizean egindako saioan. Izan ere, 2020ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartu aurretik 'gastu-sabaia' eta defizit helburuak adostu behar dira.

Guijarrok nabarmendu duenez, "PSOEk eta Unidas Podemosek erreforma fiskalerako hitzartutako neurri ekonomikoen helburua justizia fiskalari berrekitea da, herrialdeak aspaldi galdu zuen bideari berriro ekiteko".

Zuzeneko zergei dagokienez, erreforma fiskalak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) azken zatia igoko du koalizio-gobernuak, eta Sozietateenak harmonizatuko ditu, enpresa txiki eta ertainei ezartzen zaien tasa murriztuz.

Dena dela, aldaketa nagusiak zeharkako zergetan izango direla jakinarazi du Guijarrok, "produktu eta zerbitzu jakin batzuei" BEZa igoko dietelako, hala nola, tabakoari eta apustu etxeei. Dena dela, beste produktu batzuei zeharkako zerga hori murriztuko diete, adibidez emakumeentzako higiene produktuei eta albaitaritza zerbitzuei.

Gauzak horrela, baliteke emakumezkoen produktuen BEZa % 10etik % 4ra jaistea, eta albaitari zerbitzuena % 21etik % 10era. Tabakoaren gaineko BEZaren aldaketak, berriz, ez dira PSOEk eta Unidas Podemosek koalizio-gobernua osatzeko adostu zuten akordioan ageri.

Neurri horiekin batera, zerbitzu digital jakin batzuei ('Google Tasa') eta finantza transakzioei ('Tobin Tasa') zerga berriak ezarriko dizkietela gogora ekarri du Unidas Podemoseko diputatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Krisi ekonomikoa PSOE Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Aurrekontu Orokorrak Gastu publikoa