Ekonomia -

Etxe turistikoak

Etxe turistikoen ordenantza aldatzeko eskatu dio EH Bilduk Donostiako Udal Gobernuari

Koalizio soberanistaren arabera, 1.350 etxebizitza turistiko daude hirian eta horrek alokairuko etxeen eskaintzak behera egitea eta prezioak igotzea ekarri du.

Donostiako Udala. Argazkia: Iban Garcia
Donostiako Udalaren irudia.
Donostiako Udala. Argazkia: Iban Garcia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebizitza turistikoen inguruko araudia ondo aztertzeko eta gauzak ondo egiteko eskatu dio gaur EH Bilduk Donostiako Udal Gobernuari. Halaber, pisu turistikoak ezartzeko debekua Grosera eta hirigune guztira zabaltzea proposatu du.  

Ricardo Burutaran eta Reyes Carrerek agerraldia egin dute udaletxean, ostegun honetako bilkuran eztabaidatuko dituzten hirigintza ordenantzen harira landu dituzten zuzenketak azaltzeko.

Hiria Antolatzeko Plan Orokorra aldatzeko hainbat proposamen egingo dituzte bihar EAJk eta PSE-EEk. Duela gutxi EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi zuen Donostiako etxebizitza turistikoaren araudia. Ebazpenak esandakoari egokitzeko zenbait aldaketa egin nahi ditu orain Udal Gobernuak.

Burutaranek salatu duenez, auzitegiak urtarrilean atzera botatako ordenantza Hiria Antolatzeko Plan Orokorrean sartu nahi dute EAJk eta PSE-EEk, "baldarki eta burugogorkeriaz".  

Eneko Goiak zuzentzen duen gobernuak duela bi urteko akatsak errepikatuko -2018an onartu zuten auzitegiak baliogabetutako ordenantza- dituela ohartarazi du. Arau horren ondorioz, Donostian bi egunean behin etxebizitza turistiko bat irekitzen dutela salatu du Burutaranek.

EH Bilduk emandako datuen arabera, egun 1.350 etxebizitza turistiko inguru daude hirian, eta horietako 900 bat ordenantza horren bidez arautu dira, "alokairuzko etxebizitzen eskaintza murriztuz eta prezioen igoera bultzatuz".  

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala EAJ-PNV Donostia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Donostiako Alde Zaharra