Ekonomia -
Diputatuen Kongresua
Kongresuak atzera bota du pentsio minimoak igotzeko EH Bilduk egindako proposamena
Koalizio abertzaleak pentsio minimoak 1.080 eurora igotzea proposatu du. EAJ abstenitu egin da, eta alderdikeriaz jokatzea eta Gizarte Segurantzaren eskumena arriskuan jartzea leporatu dio koalizioari
agentziak | erredakzioa
EAJren eta EH Bilduren taldeek ika-mika izan dute gaur Kongresuan, koalizio abertzaleak pentsio minimoak 1.080 eurora igotzea proposatu eta EAJk abstentzioa ematea erabaki ostean.
EH Bilduk ez legezko proposamena eraman du Kongresura pentsioen inguruan, eta bozketak atzera bota du testua.
Izan ere, 24 aldeko boto soilik jaso ditu, tartean EH Bildurenak eta ERCrenak. 167 izan dira abstentzioak, eta PP, Vox eta Ciudadanos kontra agertu dira.
PSOEk, Unidas Podemosek eta EAJk abstenitzea erabaki dute, arratsaldean negoziatzen aritu eta gero.
Bozketaren aurretik, EH Bilduk, proposamena atzera botako zutela jakinda, ohar bat kaleratu du EAJren jarrera "ulertezina" salatzeko, sozialisten eta Unidas Podemosen babesa bazuelako.
EH Bildurentzat, "ulertezina" da jeltzaleen "jarrera oztopatzailea" helburua "pentsiodunen eskubideak handitzea" izanda.
Koalizio abertzalearen arabera, Europako Gutun Sozialaren irizpidean oinarritutako proposamena zen, eta "Gizarte Segurantzaren eskumena euskal erakundeei emateko konpromisoa" ere jasotzen zuen, baina EAJk "interes alderdikoiei" eman die lehentasuna, hauteskundeak apirilaren 5ean direla eta.
Aitor Esteban EAJren bozeramaileak horixe berretsi du, baina kontrako norabidean, hau da, EH Bilduk jokatu duela "alderdikeriaz".
Eta "pentsioen sistemaren iraunkortasuna bezain gai garrantzitsua" erabili izana salatu du, zeren Gizarte Segurantzaren eskumenaren transferentzia bera ere "arriskuan" jarri duela iritzi baitio.