Ekonomia -

Zaldibarko luizia

Sindikatuek irregulartasunak antzeman dituzte Zaldibarko zabortegiko lanetan

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak zabortegian izan dira goizean. Langileak hondakin toxiko artean babes neurri egokirik gabe ari direla salatu dute.  

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak Zaldibarko zabortegian. Argazkia: EFE
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak Zaldibarko zabortegian.
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak Zaldibarko zabortegian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaldibarko zabortegian martxan dauden lanetan hainbat irregulartasun antzeman dituztela salatu dute ELA eta LAB sindikatuek. Eusko Jaurlaritzak, berriz, segurtasun neurri guztiak zorrotz betetzen direla ziurtatu du.  

17 egun bete dira luizia gertatu zenetik. Erreskate taldeak harrezkero desagertuta duen bi langileen bila ari dira eta horretarako han pilatutako hondakin industrial toxikoak mugitu behar dituzte.

Gaur goizean ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak zabortegia ikuskatzen izan dira eta irregulartasun asko antzeman dituztela ohartarazi dute.

Bilera bat egitea eta zabortegia bisitatzea eskatu zioten sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Enplegu sailei eta Osalani. Alabaina, enpresa pribatu batek eman dizkiete azalpenak zabortegira joan direnean.

"Gurea ez da kortesiako bisita bat. Gu zertan ari diren eta bi desagertuak aurkitzeko zer egiten dabiltzan ikustera etorri gara, baina ez digute inolako erantzunik eman", kritikatu du Peio Igeregi ELAko ordezkariak.

"Eusko Jaurlaritza enpresa pribatu baten atzean ezkutatu da, gardentasun eta informazio falta dago", erantsi du.

Igeregiren esanetan, langile asko babes neurri egokirik gabe ari direla lanean egiaztatu ahal izan dute.   

"Kutsatutako hondakinak manipulatzen egon ostean, langileak garbitu gabe bazkaltzera joaten ikusi ditugu. Hondakinak inolako babesik gabe kargatzen eta deskargatzen ikusi ditugu beharginak", azaldu du.

ELAren iritzian, "onartezina da enpresa pribatuek zaborra erabiltzea dirua irabazteko". Hortaz, zabortegien kudeaketak publikoa izan behar duela eta instalazio horien gaineko kontrola zorroztu egin behar dela azpimarratu du.  

Jaurlaritzak segurtasun neurriak betetzen direla dio

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak bi sindikatu horiek egindako kritikak ukatu ditu eta behargin guztiak dagozkien babes neurriekin ari direla ziurtatu du.

Hala, deskontaminaziorako hiru gune ezarri dituzte, arropak aldatu eta dutxatzeko.  

Horrez gain, langileak segurtasuna bermatzeko enpresa espezializatu bat kontratatu dutela eta Zaldibarreko eta inguruko herrietako airearen kalitatea neurtzen ari direla azpimarratu du.  

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Gipuzkoa Ermua Eibar Eusko Jaurlaritza ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Zaldibar Sindikatuak Ingurumena Luiziak Durangaldea gaur