Ekonomia -

2019ko balantzea

Merkantzien joan-etorriak % 0,39 behera egin du Bilboko Portuan

Ricardo Barkala Portuko Agintaritzaren presidenteak gogorarazi duenez, Petronorrek “ez du azarora arte topera lan egin” eta bi geldialdi tekniko izan ditu.

Bilboko Portua. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Bilboko Portua. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Bilboko Portua. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Portuak 35,4 milioi tona mugitu zituen iaz, 2018an baino % 0,39 gutxiago, 137.200 tona, hain zuzen ere. Petronorrek bi geldialdi tekniko izan ditu, eta horrek 2,6 milioi tonako murrizketa eragin du.

Ricardo Barkala Portuko Agintaritzaren presidenteak 2019ko balantzea aurkeztu du prentsaurrekoan. “Mugitutako tonei dagokionez urte ona izan du Bilboko Portuak”, nahiz eta jaitsiera txiki hori izan, “petrolio-ontzi bakarra”, gaineratu duenez.

Barkalak gogorarazi duenez, Petronorrek “ez du azarora arte topera lan egin” eta bi geldialdi tekniko izan ditu. Petrolio-findegiak 2,6 milioi tona gutxiago kudeatu ditu. “Petronor urte osoa martxan izan balitz % 6 edo 7ko hazkundeak izango genituzke”, nabarmendu du.

Barkalaren ahotan, 2019ko ekitaldia “ona” izan da “zalantza askoko” testuinguru batean, besteak beste, merkataritza gerrak eta brexit-ak “zalantzak sortu dituztelako”. Era berean, “zamaketarien egoerak nolabaiteko ezinegona eragin du”, eta urte bukaeran koronabirusa “erabakiak hartzeko orduan kontuan izan dute”, erantsi duenez.

Barkala: "Petronor urte osoa martxan izan balitz % 6 edo 7ko hazkundeak izango genituzke"

Aurten Bilboko Portuak “hazkundea” izatea espero du Barkalak, nahiz eta merkataritzaren beherakada izan, Petronor “full time” martxan egongo delako. Horrela, merkantzien joan-etorriak % 1,9 edo 2 gora egitea espero dute.

Bestalde, itsasoko autobideen papera azpimarratu du Barkalak, Belgikara eta Erresuma Batura kamioiak garraiatzeko orduan. Gainera, otsailaren 28tik aurrera Brittany Ferriesen linea berriak (Irlandara) sektorea indartuko du.

Bilboko Portuaren karga lehorreko merkatu nagusiak Erresuma Batua, Brasil, Herbehereak, AEB eta Txina dira. Bestalde, karga likidoari dagokionez, Errusia da merkatu nagusia, ondoren AEB, Mexiko, Libia eta Norvegia.

Portuko Agintaritzaren presidenteak nabarmendu duenez, Erresuma Batuarekin harreman estuena duen Espainiako portua da Bilbo, % 27 batekin. Iaz 3,4 milioi tona garraiatu zituen, horietatik % 59 esportazioak eta % 41 inportazioak.

Azkenik, iaz 160.544 bidaiari porturatu ziren Bilbon, aurreko ekitaldian baino % 20 gutxiago. Ferry zerbitzuak azaroan nabarmen behera egin zuen flota berrikuspenengatik eta denboraleengatik. Gainera, itsasontzi gutxiagok egin zuten geldialdia Bilbon.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Santurtzi Bilboko Portua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Abanto Merkataritza Merkantzia-garraioari buruzko albisteak