Ekonomia -

Mobilizazioa

Nekazariek "traktorez bete dute Iruñea" euren lanbidearen defentsan

UAGN eta UCAN sindikatuek deituta, bi manifestazio izan dira hiriburuko erdigunean eta trafikoari eragin diote. Abeltzain eta nekazariek "prezio duinak" eskatu dituzte, besteak beste.

Traktoreez beteko da gaur Iruña, deitzaileen esanetan. Argazkia: EiTB.
Traktoreekin egindako protesta bat.
Nekazariek traktore entzierroa egin dute Iruñean

1:30

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako herri guztietatik iritsitako nekazariak, abeltzainak eta lehen sektoreko langileak, askok euren traktoreekin, Iruñean izan dira gaur eguerdian, UAGN (Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasuna) eta UCAN (Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Batasuna) sindikatuek deituta, euren produktuengatik jasotzen dituzten prezio baxuak salatzeko.

Elkarretaratzean, bi martxa egin dituzte aldi berean, bata oinez, Santo Domingoko aldapatik eta sanferminetako entzierroaren ibilbidearen zati bat zeharkatuz, eta bestea Sadarreko estadiotik, ehunka traktorez osatua. Gobernuaren ordezkaritzaren atean elkartu dira, "nekazari eta abeltzainik gabe, nork emango dizu jatekoa bihar?" leloa zuekan pankartaren atzean.

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Jose Mari Martinezek, UCANeko presidenteak, eta Felix Bariainek, UAGNkoak, eskertu egin dute ekimenaren babesa, "Nafarroan nekazaritza eta abeltzaintzarako une historikoa" dela esanez.

"Errespetua eskatzen dugu, gure arazoei irtenbideak ematea, prezioak behingoz zuzentzea eta ingurumenaren benetako bermatzaile gisa onartzea", esan du Bariainek, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuko ordezkariari eman dioten manifestuan bildutakoari erreferentzia eginez.

"Herriak biziak izatea eta nekazariak zein abeltzainak egotea nahi badute, 40 urtez gauzatzen ari diren politikak alda ditzatela", eskatu du Bariainek, protesta zaratatsuaren erdian.

Gaur goizean izan den mobilizazioak eragin "oso garrantzitsua" izan du erdialdeko zirkulazioan. Udaltzaingoak trafiko eten ugariren berri eman du, eta herritar guztiei dei egin die ibilgailu partikularra lehen aipatutako guneetatik ez erabiltzeko, kanpoko errondez ordezkatuz. Hiri garraioak ere aldaketak izan ditu linea eta maiztasun batzuetan.

Nekazarien aldarrikapenak

Felix Bariain UAGN elkarteko presidenteak joan den astean nabarmendu zuenez, "gure lanbidea defendatzeko unea da, herritarrei esatekoa kokoteraino gaudela beti galtzaileak izateaz. Edo egoera hau konpontzen dute edo ez gaituzte errepideetatik aterako".

Bi nekazari elkarteek "prezio duinak" eskatu dituzte sektorearentzat. "2020ko prezioak ordaintzea eta duela 30 urteko prezioak kobratzea erloju-bonba bat da", salatu dute. Horrez gain, pentsio duinak exijitu dituzte eta Nafarroako Ubideko lanak amaitzea.

Horien iritzian, nekazari eta abeltzainen rola duindu beharko litzateke, gizartearentzat "elikagai osasuntsu eta kalitatezkoak" ekoizten dituztelako, landa eremuaren bizirautea bermatzen dutelako eta "jasangarritasunaren aldeko ekarpena" egiten dutelako.

Bestalde, muga-zergak baztertu dituzte eta horren aurrean "irmo" aritzeko eskatu diote Europar Batasunari.

Azkenik, asoziazionismoaren, eskaintzaren kontzentrazioaren eta belaunaldien arteko erreleboaren aldeko apustua egin dute.

Iruñean ez ezik, Estatuko hainbat hiri eta herritan ere mobilizazioak deitu dituzte gaurko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Sindikatuak Nekazaritza Abeltzaintza hoy