Ekonomia -
Garraioa
Gasteizko tranbiak hiru geltoki berri ditu
Geltoki berriak Florida, Hegoalde eta Unibertsitatea dira. Lanak aurrera eramateko 14,3 milioi euroko inbertsioa beharrezkoa izan da.
Agentzia | Erredakzioa
Gasteizko tranbiaren hiru geltoki berriak martxan dira dagoeneko, 1,4 kilometroko ibilbidea eraiki ondoren. Orain tranbia unibertsitate-campuseraino heltzen da.
Geltoki berriak Florida, Hegoalde eta Unibertsitatea dira. Lanak aurrera eramateko 14,3 milioi euroko inbertsioa beharrezkoa izan da.
Zazpi bagoiko konboi berriak larunbat honetan martxan izatea espero zuten, baina ez da posible izan. Orain arteko konboiek baino bi bagoi gehiago dituzte, eta 400 bidaiari eramateko gai dira.
Gasteizko Udalak jakitera eman duenez, azken egunetan konboi luze horiei probak egin dizkiete, baina denbora gehiago behar dute; ondorioz, pixkanaka-pixkanaka martxan jarriko dituzte datozen asteetan.
Erabiltzaileek tranbia doan hartzeko aukera dute larunbat honetan, lanen amaiera ospatzeko.
Gasteizko tranbiak hiru adar ditu (Abetxuko, Lakua eta Erdialdea). Guztira, 9,2 kilometroko ibilbidea eta 23 geltoki ditu jadanik. Hurrengo pausoa Salburuako auzoa lotzeko linea eraikitzea izango da.