Ekonomia -
Fauna
Jaurlaritzak otsoa mehatxatutako espezieen artean sartu izana kritikatu du EHNEk
Sindikatuak Ingurumen Sailari Naturzaintzan adostutakoaren "aurka" joatea eta "nahi duena" egitea leporatu dio.
Agentziak | Erredakzioa
EHNE nekazaritza eta abeltzaintzako sindikatuak otsoa espezie mehatxatuen katalogoan ez sartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta Ingurumen Sailari Naturzaintzaren erabakien "aurka" joatea leporatu dio, kontseiluaren gehiengoak neurri horren aurka bozkatu zuela ziurtatzen baitu.
EHNEko bozeramaileek prentsaurrekoa eman dute ostiral honetan Donostian. Bertan, Euskal Herriko Natura Babesteko Aholku Batzordea "zertarako" sortu den galdetu dute, "gero Ingurumen Sailak nahi duena egiten badu".
"Zergatik ez ditugu otsoak Lakuara eramaten haiekin bizi daitezen?", esan dute sindikatuko arduradunek. Halaber, Arabako abeltzainek esan dute "nazkatuta daudela" salatu duten arazoak "eguneroko bizitzan eragiten ez dietenei" entzuteaz; izan ere, lurralde horretako otso bakarrak 153 animalia hil ditu erasoetan.
Kopuru hori Arabako Aldundiak eman zuen, eta uxaldiak baimendu zituen otsoarekin amaitzeko. Alabaina, Ingurumenak Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartzea erabaki zuen, eta, horrenbestez, populazioen eta aziendarekiko bizikidetzaren gaineko kudeaketa- eta jarraipen-planak egitera behartuko ditu foru-erakundeak.
"Abeltzaintza estentsiboaren eta otsoaren arteko elkarbizitza ezinezkoa da. Nazkatuta gaude elkarbizitza posible dela entzuteaz eta fauna basatiaren faktore negatiboen ondorioak beti sufritzeaz, beraiek bulegoan dauden bitartean. Horregatik, argi eta garbi esan nahi dugu Lakuan zaindu ditzatela!", esan dute EHNEko arduradunek, sindikatu horrek ohar baten bidez jakinarazi duenez.