Ekonomia -
MWC
Bertan behera utzi dute Bartzelonako Mobile World Congress, coronavirusa dela eta
30 bat enpresak, tartean sektoreko garrantzitsuenetakoak, iragarria zuten ez zirela azokan izango gaixotasunaren kutsaduraren beldur. Hala ere, 2021koa Bartzelonan egingo dela baieztatu dute.
agentziak | erredakzioa
GSMAk, Bartzelonako Mobile World Congress (MWC) azokaren antolatzaileak, aurtengo edizioa bertan behera uztea erabaki du coronavirusaren nazioarteko agerraldiagatik, eta 30 enpresatik gora ez direla bertan izango jakin ostean, Europa Press albiste-agentziak jakitera eman duenez.
Sakelako telefonoen industriako 26 enpresak osatzen duten GSMa elkarteak bilera egin du gaur arratsaldean, eta erabaki hori hartu du.
Elkarteko kide dira azokan ez zutela parte hartuko iragarria zutenetako batzuk: Orange, Vodafgone, Deutsche Telekom, NTT Docomo eta AT&T, besteak beste.
Hala eta guztiz ere, GSMAk azpimarratu du 2021eko ekitaldia, eta hurrengo urteetakoak, Bartzelonan egingo direla.
John Hoffman GSMAren kontseilari ordezkariak gaur arratsaldean zabaldutako oharrean azaldu duenez, coronavirusak mundu osoan sortutako kezkak "ezinezko" egiten zuen ekitaldia antolatzea, baina hurrengoetan ere Bartzelonan antolatzeko konpromisoa berretsi du.
2020
Aurtengo MWC otsailaren 24tik 27ra egin behar zen Bartzelonan eta L’Hospitaleten, Montjuiceko, Firako eta La Fargako aretoetan.
GSMAk 200 estatutatik iritsitako 110.000 parte-hartzaile aurreikusten zituen aurten, sekula baino gehiago, eta 492 milioi euroko eragin ekonomikoa.
Azokaren leloa 'Limitless intelligent connectivity' (Adimendun konektibitate mugagabea) izan behar zen, eta behin-behineko 14.100 lanpostu sortu behar zituen, 2.800 enpresaren parte-hartzearekin.
LG, joan behar ez zen lehena
Otsailaren 4an hasi ziren enpresak ez zirela joango iragartzen. LG Electronics izan zen lehena eta, astebetean, zerrenda 30era iritsi da, tartean Ericsson, Sony, Intel, Cisco, McAfee, Rakuten, Nokia eta British Telecom.
Nvidiak, Amazonek, TCLk, Gigasetek, Unidigik, Vivok, Facebookek, Telnetek, Accedianek, Mediatekek, CommScopek, Sprintek eta HMD Globalek ere, beste batzuen artean, gauza bera egin dute.