Ekonomia -
Turismoa
Erabilera turistikoko etxebizitzak arautzen hasteko prozesua abiatu dute Gasteizen
Proposamen hori zein baldintzatan arautuko den jasotzen du, orain arte udalerrian debekatuta zegoena.
Agentziak | Erredakzioa
Udal Batzarrak gaur onartu du etxebizitza eta logelen erabilera turistikoa arautzeko proiektua. Orain arte udalerrian debekatuta zegoen eta proposamen horrek zein baldintzatan arautuko den jasotzen du.
Proiektuak etxebizitza eta logela turistikoak baimentzea aurreikusten du eta ezarritako baldintzen artean, bizitegi erabilera solairurik baxuenean ere ahalbidetzen du. Dena den, proiektua prozesu publiko batean eta alderdi politikoen bidez aztertu egingo da Udalaren ohiko jardunean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Turismo Legeak erabilera turistikorako etxebizitza eta logelak arautzen ditu, baina Udalak dira lurzoruaren eta eraikinen erabilera arautu behar dutenak. Ildo horretan, Gasteizko Udalak bat egin du Eusko Jaurlaritzak sustatutako protokoloarekin, eta horrekin bat egin zuten aurretik Donostiako eta Bilboko Udalek zein Eudel euskal udalerrien sareak ere.
Ordutik, fenomeno hori hirigintza plangintzan txertatzeko lanean ari dira; hainbat aldagai kontuan hartuta, hala nola, komunitatearen ongizatea lortzea, kontsumitzaileak blindatzea eta enpresen lehiakortasuna bermatzea.
Egun, 2003ko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bidez arautzen da. Araudi horrek ez ditu erabilera turistikoko etxebizitzak erregulatzen, eta, erabilera turistikoko etxebizitzetako logelak baldintza zehatz batzuekin baimentzen dira.
Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Gasteizen erabilera turistikoko 45 etxebizitza eta 16 logela daude erregistratuta.