Ekonomia -

Lan-erreforma

Sindikatu abertzaleek lan erreforma "erabat" indargabetzeko eskatu dute

Espainiako Gobernuari lan eta pentsio erreformak "erabat" indargabetzea eskatu diote.

Lau idazkari nagusiek adierazpen bateratu bat plazaratu dute Bilbon. Argazkia: ELA.
Lau idazkari nagusiek adierazpen bateratu bat plazaratu dute Bilbon.
Lau idazkari nagusiek adierazpen bateratu bat plazaratu dute Bilbon. Argazkia: ELA.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta LAB sindikatu abertzaleek, Galiziako Sindikatu Arteko Konfederazioak (CIG) eta Kataluniako Konfederazio Sindikalak (CSC) lan-erreforma, pentsioen erreformak eta hitzarmenen "estatalizazioa" bultzatu duen negoziazio kolektiboa lehenbailehen indargabetzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari.

Mitxel Lakuntza (ELA), Garbiñe Aranburu (LAB), Paulo Carril (CIG) eta Carles Sastre (CSC) sindikatuetako lau idazkari nagusiek adierazpen bateratu bat plazaratu dute Bilbon, PSOEren eta Unidas Podemosen arteko koalizio gobernu berriari zuzendua. Adierazpen horretan, "Estaturik gabeko hiru naziotako" sindikatuak direnez, autodeterminaziorako eskubidea aitortzea ere eskatzen dute.

Sinatzaileek "agenda sozial bat" eskatu diote Exekutibo berriari, "pentsioak eta lan-erreformak eraldatzeko", bai eta "lan-baldintzak negoziatzeko" ere, bakoitzak bere lurralde-eremuan. Horretarako, negoziazio kolektiboaren erreformak indargabetu beharko lirateke, "lan-harremanen estatalizazioari hegoak eman baitizkiote eta, horrekin, prekarietateari eta soldata baxuei zabalera handiagoa eman baitiete".

"Garai politiko berri honek lan-arloan ditugun eskumenak berreskuratzeko balio izatea nahi dugu", adierazi du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, "negoziazio kolektiborik gabe ez baitago autogobernurik".

ELAko buruzagiak adierazi duenez, sindikatu abertzaleen asmoa da Espainiako Gobernuaren politikan eragitea, baita Euskadiko, Kataluniako eta Galiziako alderdi nazionalistetan ere. Hilaren 19an Madrilen bilera bat egitea aurreikusi dute, sindikatuen eskaerak eztabaidatzeko, eta PSOE eta Unidas Podemosekin batera egitea da haien nahia.

Momentuz ez dute aurreikusi CCOOri eta UGTri ekimen sindikal bateratu bat egiterik, sindikatu horiek "berrasmatu eta birsortu" ezean, Paulo Carril galiziarrak adierazi duenez; izan ere, elkarrizketa sozialaren bidez "politika neoliberalak legitimatzeko" jarrera izan dute bi sindikatuek.

ELA, LAB, CIG eta CSC sindikatuek ere mozal legea eta Zigor Kodearen 315.3 artikulua berehala indargabetzeko eskatu dute, "mugimendu sozial eta sindikala, greba, protesta zein aldarrikapena kriminalizatzen dituelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PSOE ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Madril