Ekonomia -
Lan ezbeharra
Zamakona ontziolan hildakoa azpikontratatutako enpresa bateko langilea zen
CCOO sindikatuak azaldu duenez, gizonak 30 urte zeramatzan enpresa horrentzat lanean. Istripuaren nondik norakoak argitzeko ikerketa sakona eskatu du sindikatuak.
Agentziak | Erredakzioa
Santurtziko (Bizkaia) Zamakona ontziolan, garabi handi bat erorita, hil zen langileak azpikontrata batean lan egiten zuen, CCOO sindikatuak gaur jakitera eman duenez.
Hildakoa 60 urtekoa eta Santurtziko bizilaguna zen, eta hiru hamarkada zeramatzan ontziolan lanean.
CCOO sindikatuak "heriotza horiekin amaitzeko" eskatu die agintari eskudunei, eta "legea ez betetzearen jokabide sistematikoak dituzten enpresa guztiak kontrolatzeko konpromisoa" hartzeko eskatu die.
"Enpresak irmo eta behin betikoz prebentzioarekin konprometitu" behar direla uste du, eta "onartezina" dela "mahai gainean hildakoak daudenean bakarrik jardutea".
"Ekoizpen irizpideak osasun irizpideen aurretik jartzen dituzten jokabide inhumanoak gogor zigortzea" ere eskatu du.
CCOO sindikatuak, azkenik, lan-istripuaren nondik norako guztiak sakon ikertzeko eta parte hartzen duten enpresek izan ditzaketen erantzukizunak argitzeko eskatu du.