Ekonomia -
Polizia operazioa
Hildakoen pentsioak kobratuta sei milioiko iruzurra egin duen sare bat desegin dute
11 pertsona atxilotu dituzte Estatuko 21 probintziatan, tartean Araban.
Agentziak | Erredakzioa
Hildako pertsonen pentsioak kobratuta sei milioi euro baino gehiagoko iruzurra egin duen sare bat desegin du Espainiako Poliziak, eta 11 pertsona atxilotu ditu. Gizarte Segurantzaren kontrako delitua, maula edo iruzurra, dokumentuak faltsutzea eta diru publikoa bidegabe eralgitzea egotzi diete atxilotutakoei.
Operazioa iaz egin zuen Poliziak Estatuko 21 probintziatan, tartean Araban. Probintzia horretan ez ezik, hauetan ere egin dituzte atxiloketak: Alacanten, Almerian, Asturiasen, Bartzelonan, Caceresen, Kantabrian, Kordoban, Gironan, Huelvan, Coruñan, Las Palmasen, Madrilen, Malagan, Murtzian, Ourensen, Santa Cruz Tenerifekoan, Sevillan, Valentzian eta Zaragozan.
Estatuko hainbat lekutan antzeko gertakariak salatu zituzten hainbat pertsonak, eta orduan hasi ziren ikertzen. Iruzurgile gehienak hildako pertsonaren gertukoak ziren: anai-arrebak, seme-alabak, ilobak, lobak, senar-emazteak, suhi-errainak edota bikotekide ohiak.
Ikerketa "erronka handia" izan da agenteentzat, dokumentazio ugari aztertu behar izan baitute: bidegabeko 12.586 ordainketa, 75 kontu korronte eta 100.000 euroko iruzurra izan zezaketen 23 kasu, eta 10 urte baino gehiagotan bidegabe kobratutako 40 pentsio.
Aztergai izan dituzten kasuetatik 22 duela bi hamarkada zendutako pertsonei zegozkien, eta beste 11, atzerrian bizi eta hil ziren pertsonei.
Kasu batean, iruzurgileetako batek "emakumezko aktore" bat eraman zuen banketxera ama zelakoan (lau urte lehenago hil zen), hark kontu korronteko paperak sina zitzan, gero bertatik dirua atera ahal izateko.
Atxilotutako beste pertsona bat banketxe bateko behargina zen. Bulegoko lanetan zuen eskarmentua eta lankideen "fede onaz" baliatuta, hildako emakume baten kontu korrontetik 62 aldiz atera zuen dirua.